Zubietako eskolan sartu dira, "antolatzeko beharrak" eraginda

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urt. 4a, 15:39
Kontseilu Sozialistako bi kide Zubietako eskolaren atarian, urtarrilerako prestatu duten egitarauarekin. Argazkia: Kontseilu Sozialista Deba Bailara.

Albiste bihurtu da Bergarako Zubieta kaleko eskola zaharra azken egunotan, Kontseilu Sozialista Deba Bailara deritzon taldeak eraikina okupatu duelako. Abenduaren 26an eman zuten aditzera "Zubitxako Eskolako proiektua", eta urtarrilerako egitarau bat antolatu dute, bihar, hilak 5, egingo duten ate irekietatik hasita. Udal Gobernua elkartu da kontseiluarekin –eta baita bizilagunekin ere– eta akordio batera heltzeko borondatea erakutsi dute bi aldeek.

Udal Gobernuko ordezkariekin egindako bileratik, Kontseilu Sozialistako kideek GOIENAri adierazi diote oraingoz ez dutela ezer zehaztu: "Dena airean dago oraingoz. Udaleko ordezkariek esan ziguten bizilagunekin egon direla eta guk geuk ere badugu horretarako asmoa; bihar bertan ate irekiak egingo ditugu helburu horrekin, bizilagunek gure proiektua ezagutzea nahi dugulako. Gure jardunarekin batera, bizilagunek hiru urtez itxita egon den eskola erabiltzeko aukera izango lukete".

"Mugimendua handitzeaz bat beharrak ere handitu dira"

Bergaran beste eraikinik erabiltzeko aukerarik izan duten galdetuta, Kartzela zaharra aipatu dute kontseiluko kideek: "Kartzela zaharrean hainbat eragile elkartzen dira baina gure mugimendua kuantitatiboki eta kualitatiboki hazten joan den heinean beste behar batzuk sortu dira, eta behar horiei erantzuteko okupatu dugu Zubietako eskola zaharra". 

Udalarekin ez dira akordio batera heldu oraingoz baina urtarrilerako egitarau bat prestatu dute eta ekintza horiek gauzatzea da euren asmoa: "Udalari jakinarazi genion akordio batera heltzeko prestutasun osoa dugula, baina esan genien ere akordio batera heltzen ez bagara Zubitxako eskolan jarraituko dugula desalojatzeko salaketa bat jaso arte".  Hain zuzen ere, eskola zaharra hartu dute helburu nagusi baterako: "Hausnarketa eta eztabaida politikoen gune, eskaintza kulturalen plaza eta lan politiko eta sindikala gauzatzeko espazio bilakatzeko". 


Kontseilu Sozialistak urtarrilerako antolatu duen egitaraua.

Udal Gobernua: "Zubietako eskolarako Udalak jaso izan ditu eskaerak aurretik"

Bergarako Udal Gobernuak auzotarrekin eta Kontseilu Sozialistako kideekin hitz egin du eta diote ekintzak auzoan "harridura eta jakin-mina" piztu dituela, eta honako hau gaineratu dute ohar bidez: "Eragile sozialek proiektu berriak sortzeko gogoa izatea eta hauek martxan jartzeko determinazioa izatea ona da Udala Gobernuaren ustez. Proiektuak garatzeko eragileek behar dituzten espazio publikoen erabileraren inguruan, aitzitik, ohiko prozedurak jarraitzea beharrezkoa da". Horrekin batera, Udal Gobernuak gogora ekarri du "asko" direa Bergaran espazioak behar dituzten eragileak: "Horiei erantzuna eman nahi diegu eta herriko eragileekin ildo horretan ari da lanean".

Bestalde, gogorarazi dute Zubietako eskola erabiltzeko eskaerak jaso dituzte aurretik, baina eraikinak, beste arazo batzuen artean, ez dituela irisgarritasun baldintzak betetzen eta horregatik egon da hutsik orain arte: "Une honetan txosten juridikoa eta arkitektoaren txostena jasotzeko zain gaude".

Halaber, beste auzo batzuetan egiten ari den moduan, Labegaraietan bezala, aurreikusita dago auzotarrei haien erabilerarako espazioren bat lagatzea. Zubieta kalea berriro urbanizatzeko proiektuaren barruan bideratuko litzateke espazio hori. Amaitzeko, urtarrilaren 2an bildu ostean ere Udal Gobernuak "argi" du bidea "elkarrizketa" dela: "Udal eraikinak Udalak kudeatzen ditu, baina bergarar guztionak dira eta Gobernu honek horien kudeaketa herritarrekiko eta udal ondasunekiko errespetuz egin nahi du. Argi du, halaber, egoera hauek kudeatzeko modua elkarrizketa dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak