Gaur aurkeztu duten ataria abian jartzeko hilabete askotako lana dago atzean. Udal ordezkari zein teknikariak "pozik" daude emaitzarekin, hainbat abantaila ekarriko ditu eta herritarrei zerbitzu osoagoa eman ahal izango dutelako aurrerantzean; besteak beste, Udalaren eta herritarren arteko gertutasuna ahalbidetuko du eta sarreren prezioek ez dute gainkosturik izango.
Aipatutako abantailez gainera, Udalari fidelizazio kanpaina egiteko aukera ere emango dio atari berriak. Plataforma berriarekin "ekitaldiak kudeatzeko gaitasuna hobetu egingo dute", orain arte erabiltzen zen zerbitzuak baino gaitasun handiagoa izango duelako. Seminarixoarekin lotutako informazio guztia jaso da bertan.
Abenduaren 23an, urtarrileko sarrerak salgai
Seminarixoa.eus ataria dagoeneko erabilgarri dago, hor dago ikusgai urtarrilean Bergarako kultura areto ezberdinetan izango den kultura eskaintza, eta abenduaren 23an hasita izango da sarrerak erosteko aukera. Sarrerak internetez gainera, orain arte moduan, Seminarixoko leihatilan eskuratzeko aukera ere izango da.