Ia 24 milioi euroko aurrekontua proposatu du Bergarako Udal Gobernuak 2021erako

Txomin Madina Milikua 2020ko abe. 12a, 11:22

23.891.500 euroko aurrekontua aurkeztu du, 2020ekoa baino %5,58 txikiagoa. Azaldu dutenez, pandemiak kaltetutako sektore eta pertsonei erantzuteko ahalegina egin dute, bereiziki. Urtarrilaren 25eko ohiko osoko bilkuran onartu gura dute.

2020koarekin alderatuta, %5,58 txikiagoa da Bergarako Udal Gobernuak 2021erako aurkeztu duen aurrekontu proposamena: 23.891.500 euro, hain zuzen ere. Udal Gobernutik azaldu dutenez pandemia egoera betean prestatutako aurrekontua da, eta hori horrela, egoerak kaltetutako sektore eta pertsonei erantzuteko ahalegina egin dute bereziki. Orokorrean baina, aurrekontua txikiagoa izateak Udalaren inbertsio ahalmenean eragina izango duela ere ohartarazi dute.

Osasun pandemiak bereziki egoera zaurgarrian dauden pertsonengan eragin duela argudiatuta, gizarte zerbitzuetan 2.153.296 eurotik 2.315.106ra igo dute aurrekontua. Etxez etxeko zerbitzurako partida, 680.000 eurotik 816.445era igo da eta COVID-19ak sortutako premia bereziei erantzuteko 65.000 euroko partida berria sortu dute.

Sustapen ekonomikoan 494.805etik 546.251 eurora igo dute diru-partida, eta iragarri dute herriko komertzioa eta ostalaritza partidak bideratuko dituzte formatu desberdinetan. Enplegu sustapena garatzeko partida, bestalde, bikoiztu baino gehiago egingo dute: 115.000 eurotik 247.000 eurora igo nahi dute.

Berdintasuna, jaiak, kirola...

Berdintasun sailean aurrekontua igo egingo da. Gaineratu dute, era berean, Aratusteetarako eta Pentekosteetarako aurrekontuak partida global batera eraman dituztela, ezin badira ospatu, beste premia batzuk asetzera bideratzeko. San Martzialetako eta San Martinetako partidak, bestalde, bere horretan mantendu dira. Udal Gobernutik gaineratu dute Aurrekontuak "irekiak eta dinamikoak" izango direla, egoera edozein unetan alda daitekeela aintzat hartuta, mugitu daitezkeen partidak sortuz.

Ingurumenean, 15.000 euroko partida bat aurreikusi dute Energia Plana egiteko, eta 50.000 euroko beste bat energia berriztagarrietara bideratzeko. Kiroletan, futbol zelaia berrizteko partida bat eta udal pilotalekuko aldagelak berrizteko beste bat proposatu dute.

Udal talde politikoen asignazioan, bestalde, %20ko jaitsiera proposatzen dute. "Herritarren ahalmen ekonomikoa jaitsi den heinean alderdiak ezin dira gainerako herritarrek bizi duten egoerat5ik aparte egon", azaldu dute Udal Gobernutik.

2020ean gauzatu gabeko hainbat proiektu, 2021ean

2020an gauzatu ezin izan diren zenbait proiektu, esaterako ortu publikoak eta txakur gunea, 2021ean egitea aurreikusten dute, nahiz eta aurreko urteko diruarekin egingo dituzten. Zubietaren eraberritzea ere egoera berberean dagoela zehaztu dute.

Gogorarazi dute baita ere inbertsio ahalmena izateko eta hainbat proiektu aurrera atera ahal izateko Udalak 2 milioi euroko mailegua eskatua duela, eta aurrekontuan ageri ez arren, hainbat proiektu diru horrekin finantzatuko dutela.

Udal Gobernutik zehaztu dute, era berean, aurrekontu proposamena helarazi dietela udalbatzako gainerako talde politikoei eta abenduaren 23ra arte izango dela ekarpenak egiteko aukera. Asmoa da urtarrilaren 25eko ohiko osoko bilkuran onartzean 2021erako aurrekontua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak