Iberdrolarekin eta Soralucerekin hitzarmenak aho batez, gorabehera tekniko askoko bilkura luzean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko abe. 1a, 11:22

Iberdrolarekin eta Soraluce enpresarekin adostutako hitzarmenak eta askotariko mozioak izan ziren protagonista azaroko ohiko osoko bilkuran. Bilkura semi-presentziala izan zen eta arazo tekniko batzuek nahi baino gehiago baldintzatu eta luzatu zuten saioa. Eztabaida gehien hainbat osoko bilkuratan irten den gai batek eragin zuen: Udalaren antolaketa berriaren gainean Udal Gobernuak eta EAJk dituzten ikuspegi ezberdinak.

Iberdrolarekin adostutako hitzarmenari esker anbulatorio ondoko azpiestazio zaharkitua kendu eta Goiauzora bidean –San Martzial eta Surrara bidean, Lamainorako bidegurutze inguruan– zerbitzu hobea emango duen azpiestazio bat egiteko gune bat permutatzea onartu zuen udalbatzak atzo. "Aurretik Udalak jasotako lur eremu baten antolatuko litzateke azpiestazio berria eta bereziki zaindu dena da eremu oso  ikusgarrian egonda ingurumeneko inpaktua ahalik eta txikiena izatea; uste dut badela modu bat anbulatorio ondoan dagoen azpiegitura desegoki hori kentzeko", adierazi zuen Gorka Artola alkateak.

Ezkerrean San Martzialerako bidea egun dagoen egoeran; eskuinean, azpiestazioa non joango den zehazten duen muntaia.

EAJko Elena Letek dio Bergarak "asko" irabazten duela hitzarmen honekin: "Victoriano Gallastegi azken agintaldian hasi zen lan honetan; bere momentuan Elizak ia musu truk eman zion Goiauzoko eremua Udalari eta uste dugu permuta borobila dela. Elizari eskertu behar diogu erakutsitako eskuzabaltasuna".

Pandemiak eragindako aldaketak Soraluceren hitzarmenean

Bestalde, aurrez Soraluce kooperatiba Bergaran finkatzea helburu zuen hitzarmenean moldaketa batzuk egin behar izan dira; pandemiaren eraginez hitzarmen horretako epeak luzatu egin dira, besteak beste. Halaxe azaldu du hitzarmenaren aldaketa alkateak: "Soraluce kooperatibak bere aktibitatea Bergaran finkatzea helburu duen hitzarmen honetan moldaketa batzuk egin behar izan dira pandemiagatik; egoera honi buelta ematen diogunean gauzagarri izango da hitzarmena".

Desadostasuna gaiak lantzeko metodoari dagokionez

Atzoko bilkuran beste behin irten zen Udalaren antolaketa berriaren edo udal barruan gaiak lantzeko metodoaren gaineko desadostasuna. EAJko Elena Letek behin eta berriz eskatu zion alkateari azaltzeko zein izan behar den modua gaiak lantzeko eta alkateak erantzun zuen esanez, besteak beste, eztabaida antzua ari dela bihurtzen dagoeneko.

Pandemiari aurre egiteko mailegua berretsi du udalbatzak

COVID-19ari eta haren ondorioei aurre egiteko plan integrala garatu ahal izateko bi milioi euroko mailegua eskatzea aho batez onartu zuen udalbatzak: "2021a ere oso urte gogorra izango da ekonomikoki eta Udalak gaitasun finantzarioa mantendu beharrean dago egoera ahalik eta egonkorrena izan dadin; beste hainbat erakundek eta enpresek egin dute moduan, zorpetzeko unea da orain hurrengo urteari ekin ahal izateko", esan zuen Gorka Artolak.

Askotariko mozioak

Hainbat mozio ere aurkeztu ziren atzoko bilkuran. Egiari Zor fundazioarena, EAEn 1979tik 1999ra Estatuak praktikara eroandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei laguntzeko eta biktima horien erreparazioa eta aitorpena tramitatzeko. EH Bilduk eta EAJk alde bozkatu zuten, eta PSE-EEk kontra; alderdi sozialistako bozeramaile Alberto Alonsoko ez zuen kontrako botoaren gaineko azalpenik eman.

Beste mozio bat izan zen Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaieraren gainekoa eta Udalak azaroaren 25ean publiko egin zuen indarkeria matxista salatzeko adierazpen instituzionala berretsi egin zuten atzo. 

Arazo teknikoak

Bilkurak 21 puntuz osatutako gai zerrenda zuela jakinda espero zitekeen osoko bilkura luzea izango zela, eta hala izan zen. Udal idazkariarekin batera, Gorka Artola alkateak, EAJko bozeramaile Elena Letek eta Udal Gobernuaren eledun Nagore Iñurrategik udaletxeko osoko bilkuren aretotik jarraitu zuten bilkura eta gainerako zinegotziek modu telematikoan egin zuten. Bada, arazo teknikoek nahi baino gehiago baldintzatu eta luzatu zuten bilkura; bereziki telematikoki jarraitu zuen EAJko Maite Agirrek izan zituen arazoak eta alkateak bost minutuko atsedenaldi bat eskatu zuen arazo horiek konpondu bitartean. Hurrengo osoko bilkura abenduaren 21ean izango dela aurreratu zuen Gorka Artola alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak