Euskaldun zaharra izanda, hitanoa galbidean egoteak "pena" ematen dio Oteizari; hala ere, hika ondo jakin gabe egitean konfiantza falta eta lotsa sentitu dituela aitortu du.
Zergatik erabaki duzu Hikaldian ere parte hartzea?
Euskara altxor handi bat moduan ulertzen dut eta altxor handi horren barruan dagoen altxor txiki bat da hitanoa niretzat. Gabezia edo hutsune bat ikusten dut gizartean hitanoari dagokionez; bereziki, gazteon artean. Hika galtzen ari gara. Euskal Herri osoko fenomenoa dela esango nuke, baina Bergaran, behintzat, ebidentea da. Oso gutxi entzuten da euskararen erregistro eder hau herritarren eta, bereziki, gazteen artean, eta pena da. Hitanoa apur bat suspertzen saiatzeko, baina, batez ere, ikasteko eman dut izena.
"Euskara altxor handi bat da, eta altxor horren barruako altxor txiki bat da hitanoa"
Hikaldiaren aurretik hitano ikastaroetan ere hartu duzu parte, Udal Euskaltegiaren bidez. Zelan?
Esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat, azken bi ikasturteetako ikastaroetan eman dut izena. Bost saio dira, modu intentsiboan edo denbora tarte labur baten egiten dena, eta helburua da oinarrizko ezagutza bat garatzea. Pixkanaka praktikan jarri ahal izateko ateak ireki zizkidaten saio horiek. Iaz izan zen lehen ikastaroa, eta, gustura egon nintzenez eta oraindik ere beharra badudanez, aurten ere egon naiz ikastaroan.
Bergarako Udalean ari zara lanean, eta bertan badira ariguneak. Zelan joan da lehen astea?
Udaleko arigunea adibide ona dela uste dut. Langile gehienok euskararen ezagutza aldetik gai gara euskaraz lan egiteko, eta gure arteko solasaldiak euskaraz izaten ari dira. Gainera, udaletxe barruan sortu da hika berba egiteko girotxoa eta lankide batzuen artean saiatzen ari gara hitanoa erabiltzen. Adin tarte zabaleko lankideak ditut eta ezagutza aldetik maila ezberdinak daude, eta ikasteko aukera ona ari da izaten. Gainera, herri ezberdinetako lankideak daudenez hitano ezberdinak entzuten dira, eta hori ederra da.
Euskara ez dakitenen rolean jartzen laguntzen gaitu hika ez jakiteak?
Euskal hiztuna naiz txikitatik, euskaldun zaharra. Gaztelera presente izan dut, baina euskaraz bizi izan naiz. Orain, hika ikasten hasi naizenean eta Hikaldian parte hartzen, ohartu naiz zer sentitu ahal dezaketen euskaldun berriek euskararekiko. Enpatia sentitu dut; hitanoa erabiltzea kostatu egiten zait, lotsa sentitzen dut... Euskal hiztuna ez denaren aldean jartzeko balio izan dit, neurri baten. Gainera, Euskaraldiaren egitarauaren barruan Hikadromoa ere badugu Bergaran; mintzalagunen eredua hartuta, hika aritzeko aukera izango dugu [bihar egingo dute, azaroak 28].
"Enpatia sentitu dut; hitanoa erabiltzea kostatu egiten zait, lotsa sentitzen dut... Euskal hiztuna ez denaren aldean jartzeko balio izan dit"
Badakizu Bergaran zenbatek daroazuen h hizkia txapan itsatsita?
Uste dut 120 bergararrek eman dutela izena Hikaldian eta suposatzen dut pegatina ez daroaten batzuek ere hika erabiltzen dutela. Esperientzia pilotua izanda, datu polita dela deritzot.
Zer da Euskaraldia zuretzat?
Oso ekimen interesgarria, gure kontzientziak pizteko oso baliagarria dena. Hizkuntza ohitura batzuk zuzentzea edo hobetzea ahalbidetzen duen heinean, aurrerapauso handi bat da. Sakatu beharreko botoi bat da Euskaraldia.