Labegaraietako lanak martxa onean doaz, baina pandemiak zehaztuko du irekiera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko aza. 19a, 13:34

Labegaraietako kiroldegia berritzeko lanak urtarril erdialderako amaitzea espero dute, baina pandemiak zehaztuko du noiz eta nola erabili ahalko den. Askotariko lanak egin dituzte: irisgarritasuna bermatu dute, aldagela berriak egin, rokodromoa bikoiztu eta taberna berritu, besteak beste. Proiektuaren aurrekontu osoa da 2.600.000 eurokoa eta Diputazioak ia 600.000 euroko diru-laguntza bideratu zuen.

Labegaraietako kiroldegia eta ingurua oso gune erabilia da bergararrentzat eta horregatik aspalditik da lehentasunezkoa Udalarendako 1980ko hamarkadatik apenas interbentziorik izan ez duen eraikina eraberritzea. Lehen faseko lanak burutu ziren, eraikin zaharraren ondoan berri bat altxatu eta bertan aldagela berriak eta Beti Busti elkartearendako biltegia egokitzeko. 2020ko maiatzean ekin zioten bigarren faseari, kiroldegia barrutik eraberritzeko.

Alkatearen arabera, lanak oso ondo doaz oraingoz: "Espero dugu urtarril erdialderako lanak bukatuta egotea eta hilabete horretan bertan kiroldegi berritua erabilgarri izatea. Badakigu jakin, hala ere, egoera sanitario honek kirolaren esparrua ere guztiz baldintzatu duela eta ez dakigu ze erabilera eman ahalko diogun".

Pandemiaren bilakaeraren arabera modu bateko edo besteko erabilera izango du kiroldegi berrituak urtarriletik aurrera. Proiektua Diputazioaren diru-laguntza bati lotuta dagoenez, lanek epe-muga bat dute, Udalak pandemiagatik luzapen txiki bat eskatu duen arren. "Diru-laguntza horiek 2020ko amaiera ezartzen zuen epe-muga moduan, eta epe hori betetzen saiatu gara uneoro. Hala ere, COVID-19ak ekar zitzakeen atzerapenengatik luzapen txiki bat eskatu genion Diputazioari, eta otsailera arteko margena badaukagu", dio Artolak.

Diputazioaren kirol sailetik 590.000 euroko diru-laguntza jaso du Udalak eta ondare sailetik, ezin delako ahaztu eraikina ondare industriala dela, ia 3.000 euro. Aurrekontu osoa 2.600.000 euro ingurukoa da, eta bigarren fasean Artzamendi enpresa ari da lanean.

Irisgarritasuna eta aldagelak

Egin diren askotariko lanen artean nabarmentzekoa da lehen ez zegoen irisgarritasuna bermatuko dela orain, arrapalak eta igogailua jarrita. Bestetik, eskalatzeko espazioa itxi eta bikoiztu egin da; harmaila berriak jarriko dira aldamenetan; berogailua egongo da eserlekuak dauden eremuetan; auzotarrendako lokal bat egokitu dute eta taberna ere erabat berritu dute. Eta altxatu den eraikin berriari esker aldagela eta komun gehiago izango dira erabilgarri. Zehazki esateko, hiru aldagela bikoitz egongo dira, horietako bat egokituta; bi komun; eta epaileendako bakarrik izango den aldagela bat ere bai.

Eta esandako moduan, Beti Bustikoek piraguak gorde ahal izateko biltegi altu bat ere izango dute. Hori bai, kantxa izango da kiroldegiko instalazio garrantzitsuena, eta laster helduko da egurra zoru berria jartzeko: "Zoruan aurreikusi gabeko lan batzuk egin dira isolamendua ziurtatzeko eta hori egina dago. Hurrengo astean helduko da kantxarako egurra eta aurreikusten da hiru astean kantxa berria gertu egongo zela. Garbi dago kiroldegi honetako instalazio garrantzitsuena dela; ea dena ondo irteten den...", dio kirol teknikari Iñaki Ugarteburuk.

Pandemiak beharrak txikitu ditu

Lanek iraun artean Labegaraietako erabiltzaileak beste herri batzuetara bideratzeko beharra nabarmen txikitu du pandemiak, Ugarteburuk azaldu duenez: "Inguruko herriekin berba eginda genuen haien instalakuntzak erabiltzeko Gabonak bitartean, entrenamendu zein partiduetarako. Baina pandemiak nabarmen txikitu du gure kirol kluben beharra; zoritxarrez, geldi daude kirol federatua eta eskola kirola. Alde horretatik gauzak erraztu dizkigu pandemiak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak