Ikusleak zein egileak atera dira gustura 'Egia bat' dokumentala ikustetik

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko aza. 13a, 20:48

Bi saiotan eskaini dute Egia Bat. Bergara ezkertiar eta abertzalearen historia izeneko dokumentala azaroaren 13an. Gustura atera dira Seminarixotik ikusleak, eta baita egileak ere: "Martxoan zen estreinatzekoa eta ordutik hona luze ere egin zaigu, urduritasun puntu hori hor egonda, baina gaur pozik, bai", adierazi du Ahaztu Barik taldeko Ekaitz Aranberrik.

II. Errepublikatik ETAren desagertzera arteko historia kontatzen du dokumentalak, euskal gatazkak Bergaran izan duen eragina ezker abertzalearen ikuspuntutik. Frankismoaren ondorioak, heroinaren erabilera politikoa, alderdi legearen osteko ilegalizazio garaia edo borroka feministaren hasiera jasotzen ditu, esaterako. Lehengo irudiekin tartekatu dituzte bederatzi herritarrei egindako elkarrizketak eta estreinaldiko saioetan izan dira horietako batzuk. Baita beste herritar asko ere. Bi emanaldi eskaini dituzte eta nagusi zein gazte joan dira ikustera. "Polita izan da estreinaldia, bai. Urduri ere egon gara, martxotik hona denbora asko pasa delako, baina lehen emanaldia bukatuta, pozik gaude bai. Hainbat herritar hunkituta ikusi ditut, gainera, eta hori seinale ona da", esan du egileetako batek, Ahaztu Barik taldeko Ekaitz Aranberrik.

18:00etan izan da lehen emanaldia eta 19:45ean bigarrena. Txanda bietan joan dira herritarrak aurrez sarrera hartzera eta maskarak jantzita sartu dira barrura. "Askatasuna lortzeko Bergarak egin duen borroka" ikusi duela eta, hunkituta atera da gizon bat lehen emanalditik. "Polita izan da, bai. Neuri ez zait tokatu horrelako egoera bat etxean bizitzea, baina oso ondo egin dute berba denek", zioen beste emakume batek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak