ALBISTEAK

COVID-19ari aurre egiteko plan integrala "benetako lanketarik gabeko dokumentua" dela uste du EAJk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko aza. 4a, 14:45

Bergarako EAJk prentsa agerraldia egin zuen atzo batzokian, Udal Gobernua laster aurkeztekoa den plan integrala gogor kritikatzeko. Jeltzaleek uste dute "benetako lanketarik gabeko dokumentua" dela, besteak beste: "Hainbat gabezia ditu, ez ditu plan batek izan behar duen egitura eta edukia. Ez dio Bergarako eta bergararren beharrei erantzuten, ez ditu identifikatu ere egiten, eta ez ditu neurri zuzentzaileak definitzen. Dokumentuaren eraginkortasun eza nabaria da, lanketa eskasa eta pobrea".

EAJko Elena Letek nabarmendu zuen, gainera, "atzeratuta" dabilela Udal Gobernua COVID-19ari aurre egiteko neurriak martxan jartzeko orduan: "Atzeratuta dabiltza neurri guztiekin, eta baita honekin ere. 2020ko maiatzaren 25ean prentsaurreko baten bidez plan integral bat lantzen hasi zirela iragarri zuen Udal Gobernuak, besteak beste, hainbat eragile sozialekin batera lanketa egingo zuela adierazi zuen. Urriaren 9ra arte ez dugu plan horren berri izan, eta urriaren 19an izan zen dokumentuaren lehen aurkezpen bilera".

Era berean, Lander Arregi zinegotziak azpimarratu zuen ez dituela halako plan batek izan beharko zituen ezaugarriak betetzen: "Dokumentuak ez du plan integral baten egitura eta orain arte izandako gastuak eta aurreikusten direnak nahastuta aurkeztu dituzte, gure ustez. Plan batek zehaztuta izan beharko lituzke helburuak, ekintzak –normalean arloka banatzen diren –, ardurak finkatuta, denborak zehaztuta eta adierazle batzuk jakiteko egindakoa nori zuzendu zaion eta zein bolumenetan; adierazle horien gainean galdetu genuen azken bileran baina ez genuen erantzunik jaso".

Azken eskaera moduan plan horretarako mahai bat osatzea eskatu diote Udal Gobernuari: "EAJren eskaera garbia da; lanketa mahai bat, benetako lanketa mahai bat plan integrala birbideratu eta Bergarak eta bergararrek behar duten beharrei egokitzeko benetako plan bat definitu eta garatzea".

Proposamen "zehatzak"

Plan integrala gogor salatzeaz gain, EAJk proposamen "zehatzen" berri eman zuen atzoko agerraldian. Hirugarren adinari begira, esaterako, honako hauek: San Joxepeko eguneko zentroa kalte arinak dituzten bergararrentzat bideratzea, Udal kudeaketaren menpe; hirugarren adineko pertsonei etxean arreta emateko laguntza edota prestakuntza, COVID-19arekin bideratutako premiekin lotuta; eta lehen mailako mendekotasuna duten edo autonomoak diren COVID 19 positiboei bideratutako zuzeneko arreta eta jarraipena, etxez etxeko laguntzaren bitartez, diotenez, salbuespeneko egoerak horrela eskatzen duelako.

 Tokiko merkataritza eta ostalaritzari begira orain arte hartu diren "neurri txikiak" ez dira nahikoak, EAJren ustez: "Dagoeneko hainbat neurri txiki hartu dira tokiko merkataritzari laguntzeko asmoz, baina ez dira nahikoa. Aurreikuspenak ez dira onak, ezinbestekoa da arlo horri bideratutako lanketa zehatza egitea. Horregatik, ixteko arriskuaren aurrean laguntza ekonomikoak bideratzea proposatzen dugu".

Eta jeltzaleek "arreta berezia" jarri nahi diote autonomoei eta enpresa txikiei: "Bergaran bereziki hainbat enpresa txiki daude eta Bergararen ekonomiaren atal garrantzitsu bat osatzen du talde honek. Horregatik, planean ezinbestekoa da hauen inguruko lanketa eta hartuko diren neurriak zehaztea, besteak beste, kontrataziorako laguntzak bideratzea proposatzen dugu".

Era berean, familia zaurgarriei begirako diru-laguntza lerro berri bat sortzea nahi dute jeltzaleek: "Familia horiek are zaurgarriago bihurtu dira pandemiarekin, arrakala digitala, langabezia, ERTEak gorantz doaz…" Eta beste proposamen horien artean leudeke, besteak beste, langabetuentzat formazio kurtsoak sortzea, batez ere zaintzara bideratutako formazioa; enplegu-programa bat sortzea Lanbiderekin elkarlanean; Bergarako elkarteen "benetako behar eta zailtasunak" asetzeko laguntza sortzea; bide-gorri sarean komunak ipintzea; eta jolas parke eta gune bereziak estaltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak