2021erako udal zergak eta tasak izoztea onartu dute, aho batez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urr. 27a, 15:04

Pandemiaren okertzeagatik formatu mistoan egin zen osoko bilkuran, udalbatzak aho batez onartu zuen Udal Gobernuaren 2021erako ordenantza fiskalen proposamena. Oro har esanda, familiengan zama ekonomikorik ez jartzea izan dute helburu, eta orokorrean tasak izoztearekin bat, hobari batzuk ere onartu dira. EAJk baiezko botoa eman zien ordenantza fiskalei, baina beste hainbat arlotan uste du Udal Gobernuak partaidetzarik ez duela sustatzen eta ez duela gardentasuna bermatzen.

Gorka Artola alkatea, EAJko Elena Lete, EH Bilduko Nagore Iñurrategi eta udal idazkaria modu presentzialean egon ziren eta gainerako zinegotzi guztiek telematikoki jarraitu zuten bilkura.

Gai zerrendari dagokionez, 2021erako ordenantza fiskalak izan ziren herritarrei begirako erabaki garrantzitsuena; ogasun zinegotzi Aitor Arantzabalek esan zuen " urte fiskal gogorra" aurreikusten dutela sarreren aldetik "jaitsiera nabarmena" izango dutelako, baina zero igoera da hurrengo urterako udal zerga eta tasen izaera orokorra. "COVID-19a Bergarako familiak nola astintzen ari den ikusita, haiei begirako ordenantzak behar genituela argi genuen eta hobariak hobetzeko ahalegina egin dugu. Orokorrean, zergak eta tasak izoztu egingo dira. Bestetik, merkatariei eta ostalariei begirakoa ere badira", gaineratu zuen Gorka Artolak.

Aho batez, lehen aldiz

Aho batez onartu ziren ordenantzak, agintaldi honetan lehen aldiz, eta akordiora heltzeko gaitasun eta prestutasun hori Udaleko beste arlo batzuetara zabaltzea komeni zela uste du Artolak.

Ordenantzon negoziaketara begira hiru emendakin multzo aurkeztu zituen EAJk, tartean, besteak beste, 2021era arte ostalariei terraza jartzearren tasarik ez kobratzea. Bilkuran zehar jeltzaleek gobernuari eskertu zioten akordiorako borondate politikoa erakutsi izana, eta bilkuraren ondoren GOIENAri adierazi zioten borondate hori beste arlo batzuetara ireki beharko luketela, gardentasuna oinarri eta partaidetza sustatuta.

Enpresa txikiak eta tokiko merkataritza laguntzeko ahalegina

Hauek dira ordenantza fiskalen proposameneko ezaugarri aipagarrienak: IBIa edo OHZ bere horretan utzi da. Enpresa txikiak laguntzeari begira bi hobari onartu dira: enplegua sortzeagatik jasoko dituztenak eta COVID-19aren ondorioz kalteak izan dituztenak laguntzeko bideratuko direnak. Lokalak egokitzeko lanak egiten dituzten merkatariei begira, %90eko hobaria aplikatuko zaie. Ostalaritzan, ez da kobratuko mahai-aulkiak jartzeagatiko zerga urte osoan, hala ere, maiatzean berrikusiko da eta egoeraren araberako erabakia hartuko da. 

Eta euskara ikasteko aukera erraztea ere erabaki dute: "Euskararen arloan ere eragin kaltegarria izan du pandemiak. Euskararen normalizazioari laguntzen jarraitzeko eta euren burua euskalduntzeko apustua egiten duten herritarrei laguntzeko, udal euskaltegiko matrikula %15 merkatuko da. Langabetuei %25eko deskontua egingo zaie".  Udalekuetarako tarifa soziala jarriko da. 

30 egunez egongo da proposamena jendaurrean, helegiteak aukera eskaintzeko ta ondoren jarriko dira indarrean. 

Larrialdi Mahaian batera joateko prestutasuna

Eta atzo bertan Eusko Jaurlaritzak iragarri zituen neurri berrien bueltan, gaur bertan Larrialdi Mahaia berriro elkartu beharko dela adierazi zuten. Talde politiko guztiek ezinbesteko ikusten dute mahai horretan guztiak elkartu eta batuta egitea aurre COVID-19ari. 

Aranberriren liberazioa

Bestelako gaien artean udalbatzak onartu zuen, besteak beste, EH Bilduko zinegotzi Ekaitz Aranberri %35eko dedikazioz liberatzea, urteko soldata gordina 13.924 eurokoa izanda eta 14 pagatan ordaintzeko. EAJ eta alderdi sozialista abstenitu egin ziren. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak