Alarma egoera ezarri eta itxialdia agindu zutenetik pare bat egunera igarri zituen Ainhoa Aldai bergararrak COVID-19aren lehen sintomak. Hilabete eman zuen bakartuta, eta, hainbat ospitaleratze eta probaren ostean, birusak utzi dizkion zenbait osasun ondorio nabari ditu oraindik ere gaur egun.
COVID-19 terminoa entzun eta zer etortzen zaizu burura?
Denbora guztian alerta antzean nago. Kalera irteteko beldurrez, dena orokorrean ikusten dut beldur handiz.
Martxoan pasatu zenuen koronabirusa. Zer sintoma igarri zenituen?
Martxoaren 15 goizean, eztularekin jaiki nintzen, eta nik, nor-malean, ez dut sekula eztulik izaten. Arraro samarra iruditu zitzaidan, eta termometroa jartzerakoan 37,3 nuen. COVID-19aren kontuarekin, medikuari deitu eta bakartzeko esan zidaten; ez zekitela izango zen ala ez, baina orduan probarik ere ez zen egiten. Logela batean bakartzeko eta bertan 14 egun egoteko esan zidaten, eta sintomak konplikatuz gero berriz deitzeko.
Eta, hain zuzen ere, konplikatzen joan ziren...
Bai; laugarren egunetik aurrera mareatzen joan nintzen. Gorputz guztia indar gabe bezala nuen, lokartu egiten zitzaidan, eta burua joaten zitzaidan. Orduan bai, larritzen hasi nintzen. Medikuari deitu nion, eta orduan eurek neurtzen zituzten parametroak sukarra, eztula eta arnasteko zailtasuna ziren. Nik ez nuenez arnasteko zailtasunik, antsietatea izango zela eta etxean geratzeko esan zidaten. Gau hartan bertan hasi zitzaizkidan, baina, sintoma horiek; mareoak oso sarri ziren, eta 112-ra deitu nuen. Bertako medikuak antsiolitikoak hartzeko esan zidan, eta probatzeko ea gau hartan antsiolitikoekin zer moduz. Goizean berdin jarraitzen nuen eta anbulatoriora joatea erabaki nuen. Handik ospitalera bidali ninduten zuzenean.
Ospitaleratua ere egon zinen?
Probak egin zizkidaten, baina oraindik ez nuen pneumoniarik. Dena ondo zegoenez, PCR proba egin, eta etxera bidali ninduten. Hurrengo egunean, martxoaren 20an, jakinarazi zidaten positibo nintzela. Sintomak ugariak eta nahiko larriak zirenez, nire familiako medikuak urgentzietara joateko esan zidan eta bertan pneumonia txiki bat nuela azaldu zidaten. Zorionez, oheak libre zeuden oraindik eta ospitaleratzeko aukera eman zidaten.
Zenbat denbora egin zenuen bertan?
Baietz esan nuen, eta bi egun egon nintzen ospitaleratuta. Dena ondo zegoen, eta etxera bidali ninduten berriz ere. Hala ere, sintomekin jarraitu nuen: mareoak, buruko minak, eztula, kalanbreak gorputzean... Apirilaren 6an, berriz joan nintzen medikuarenera; eskanerra egin zidaten eta bertan ikusi zuten tronboak izan nituela. Berriz ere ospitaleratu ninduten. Astebete egin nuen ospitalean.
Ordutik, hainbat hilabete pasa dira, eta oraindik guztiz berreskuratu gabe zaude...
Poliki-poliki aurrera noa. Etxera heldu nintzenean, ezin nintzen ohetik jaiki ere egin. Nire esfortzu gehienezkoa komunera joatea zen. Egongelan ordubete eserita egotea lortzea ia ezinezkoa zen niretzat. Apurka hobetzen noan arren, sintoma iraunkorrak eta atzerapausoak ere izaten ditut, noizbehinka, oraindik ere; neke handia izaten dut, normalean, buruko mina, ile asko erortzen zait...
Oraindik ere egiten dizute jarraipena?
Positibo izan nintzenez, proba asko egin dizkidate, eta oraindik ere jarraipenarekin segitzen dut. Analitika oso bat ere egin zidaten, tumoreren bat egon zitekeelakoan, baina ezetz esan zidaten. Birusak eragindako zerbait izango zela eta denbora pixka bat beharko nuela esan zidaten, dena apur bat bere onera bueltatzeko.
Psikologikoki zer eragin izan du?
Emozionalki beldur handia izan dut. Konfinamendu arintze garaian, urduri jartzen hasi nintzen, jendea irteten hasi zen, normaltasuna apur bat berreskuratu genuen... Inork ez digu ziurtatzen antigorputzak izanda ere berriz kutsatu ezin gaitezkeenik, eta, hortaz, zaindu egin behar dugu. Orain, psikologo batekin nabil, ea beldur horri buelta ematea lortzen dudan. Kasuak gora doazela ikusten dut eta oso gogorra egiten zait.
Etxekoek nola bizi izan dute?
Oso gogorra izan da. Hilabete egon nintzen bakartuta, martxoaren 15etik apirilaren 15era. Momentu askotan bakarrik egon naiz, baita ospitalean ere. Bi seme ditut, eta haiek ere beldurrez bizi izan dute; ospitalean nengoela bideo deiak egiten genituen, saiatzen nintzen eurak lasaitzen, baina medikuek ere ez zekiten zer gertatzen zen.
Orain hasi zara apurka kalera irteten...
Orain, hobeto ikusten naute etxean, lasaiago. Eurak ere eskolara itzuli dira, berreskuratu dute normaltasun apur bat. Hala ere, bajan jarraitzen dut, oraindik ez nago lanera joateko moduan; goizetan hobeto egoten naiz, baina arratsaldeetan nekea sartzen zait. Haur Hezkuntzako irakaslea naiz, eta emozionalki klasera itzultzeko ere ez nago ondo. Medikuak eta psikologoak esan didate orain lasai egon behar dudala, estres puntua ez handitzeko, eta ea beldurra kentzen joaten zaidan.
'COVID persistente EH' plataforma abian
Ekainean sortu zuten Euskal Herrian COVID-19 gaitzagatik ondorioak dituzten edota birusaren sintoma iraunkorrak pairatzen dituzten pertsonen elkartea. "Jende asko sintomekin geratzen da eta horri buruz ez da hitz egiten", dio Aldaik. "Taldeko gehienak gazteak gara, 40tik beherakoak, kirolariak, lehen osasuntsu zeuden pertsonak. Nik ere uste nuen aurretik patologiarik izan gabe eta gaztea izanda ez zela larria izango, eta begira zela egon naizen eta nagoen". Haiekin harremanetan jartzeko bidea hemen: covidpersistente.euskalherria@gmail.com.