Helburuetan bat eginda ere, elkarlanerako arazoak Bergarako udalbatzan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urr. 2a, 13:25

Udal Gobernuaren eta EAJren arteko prozedura arazoak agerian geratu dira, beste behin; adibidez, Gobernuak proposatutako bi milioi euroko mailegua "beharrezko" ikusten dute jeltzaleek, baina kontra bozkatu zuten, diotenez, nora bideratuko den ez delako zehaztu.

Udal Gobernuaren eta EAJren arteko desadostasunak agerian geratu ziren, beste behin, asteleheneko osoko bilkuran. Bi milioi euroko kreditu bat eskatzeko proposamenak eztabaida bizia eragin zuen; Udal Gobernuak dio inbertsio gaitasuna mantentzeko eskatu dutela kreditua, baina EAJk kontra bozkatu zuen, diotenez, diru hori nora bideratuko den zehazten ez delako. "Herritar moduan kreditu bat eskatzen dugunean badakigu zertarako erabiliko dugun diru hori, baina Gobernuak ez du zehaztu. Ez dugu zalantzan jartzen Udalak diru hori behar duela, baina ez duzue esaten zertarako den. Ekainean esan zuen Gobernuak kreditu bat eskatuko zuela eta COVID-19ari aurre egiteko plan integral bat garatuko zuela; plana ez dute oraindik bideratu eta ez daukagu Udaleko diru sarreren eta irteeren argazkia. Egoera hori izanda, ezin dugu kreditu eskaera hori babestu", adierazi zuen Elena Letek.

"Egoera egonkortzeko" kreditua

Gorka Artola alkateak aitortu du kreditu eskaerari zehaztasuna falta zaiola: "COVID-19aren ondorioz diru sarrerak asko jaitsi dira, eta gerakinarekin, aurretik onartutako aurrekontuaren moldaketarekin eta mailegu gehigarri honekin espero dugu egoera egonkortzea eta 2021erako Udalaren inbertsio gaitasuna mantentzea. Gaur [astelehena] onartu den dekretuak zehaztasun falta izatea oso zentzuzkoa da, uztail hasierakoa delako. Ordutik lanketa egiten ari gara, eta plan integralean zehazten; sei inbertsio partida handitara bideratuko da mailegu hori. Helburua da diru hori eskuragarri izatea behar zehatzei erantzuteko".

PSE-EEko Alberto Alonso abstenitu egin zen: "Analisiaren paralisian bizi gara Gobernu honekin, baina ez dugu kontra bozkatu, COVID-19aren bueltan ez dugulako politikarik egingo".

Antolaketa berria: adostasunik ez

Bestalde, joan den astean Udal Gobernuak prentsaurreko bidez aurkeztu zuen Udalaren antolaketa berrirako proposamenak ere protagonismoa izan zuen asteleheneko bilkuran. Antolaketa berri horren helburuak dira Udaleko batzorde informatzaileen funtzionamenduan eta eraginkortasunean eragitea, departamentu ezberdinen arteko koordinazioa erraztea, planifikazioa hobetzea eta herritarrei erantzuna egokitu eta azkartzea.

Helburuekin bat egin arren, EAJk dio Gobernuak ez duela haiekin kontatu antolaketa berria garatzerakoan: "Uztailetik aurrerapausoak eman dira, baina antolaketa berrirako gure planteamenduak kontuan hartzea eskatzen diogu Gobernuari [...]. Guretzat oso garrantzitsua da gardentasuna eta eraginkortasuna bermatzea, herritarrei emango diegun erantzuna azkarra eta kalitatezkoa izan dadin".

Zinegotzi sozialistak, berriz, uste du negoziazioa "apur bat blokeatuta" dagoela: "Arrazoia nork duen edo ez eztabaidatzen ibili baino gehiago, soluzioaren aldean gaude gu". Gorka Artola alkateak uste du antolaketa berriaren gaineko desadostasuna forma kontuetan dagoela gehiago edukietan baino: "Desadostasun horiek arindu nahian gabiltza; EAJren proposamen batzuk onartzeko asmoa badugu".

Birusaren aurkako plan integrala

Bestalde, COVID-19ari aurre egiteko plan integralaren berri "epe motz batean" emango du Gobernuak: "Espero genuen uztailean gertu izatea, baina ezegonkortasun handia bizi zen oraindik, bereziki, ikasturte berriaren hasierarako. Zirriborratzea atzeratu egin du horrek, baina orain, beste taldeekin lantzeko moduan gaude. Epe motz batean egingo dugu publiko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak