Ander Barroso: "Begiraleok laguntzaren bat eskatzen dugu, gure egoera nondik heldu ez dagoelako"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ira. 29a, 16:01

Bergarako Agorrosingo kiroldegian lanean diharduten ikastaroetako begiraleak protestan hasi dira gaur, pandemia hasi zenetik euren egoera "nabarmen" okertu delako: "Laguntzaren bat eskatzen dugu, gure egoera nondik heldu ez dagoelako". Protesta aurretik, Gorka Artola alkateak deituta, bilera egin dute udaletxean; Udal gobernuak dio begirale horien egoera hobetzeko egin daitezkeen "saiakera guztiak" egingo dituztela. 

Agorrosingo begirale talde batek elkarretaratzea egin du gaur goizean San Martin plazan, bizi duten egoera zailak ahalik eta oihartzun gehien izan dezan. Agorrosingo ikastaroen zerbitzua BPX Sport enpresak kudeatzen du, Udalak azpikontratatuta, eta begiraleek diote pandemia hasieran agindu zietena ez dela bete. "Hasiera baten esan ziguten langabezia prestakuntzaren bat jasoko genuela edo enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientea [ERTE] irekiko zutela, behintzat diru-laguntzaren bat izango genuela. Orain bertan dugun klase kopuruarekin ez dugu, inondik inora, gutxieneko soldata baterako aukerarik. INEMera joan ginenean esan ziguten ez zegoela ezer kobratzeko inongo aukerarik. Gure lan jarduna ez da lehengoaren %20ra ere iristen; begiraleak daude bi edo lau ordu dituztela astean. Horrekin ez dago ezer egiterik. Laguntzaren bat eskatzen dugu, gure egoera nondik heldu ez dagoelako", adierazi du Ander Barroso begiraleak.

Udal Gobernuak dio "saiakera guztiak" egingo dituela begiraleen egoera hobetzeko

Barrosok uste du Udalak zerbitzu hori azpikontratatzean halako egoerak eman daitezkeela eta baduela erantzukizuna. Protesta aurretik, Gorka Artola alkateak deituta, bilera egin dute udaletxean. Eta ondoren Udal Gobernuak GOIENAri adierazi dioenez, begiraleen aldarrikapenak entzuteko eskatu dute batzarra eta gaineratu dute, Udalak zerbitzua BPX Sport enpresarekin azpikontratatuta izanda ere, begirale horien egoera hobetzeko egin daitezkeen "saiakera guztiak" egingo dituztela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak