Enrike Txurruka Bergarako Musika Bandako zuzendariak aitortu duenez kontzertua bera eskaintzea zen gaurkoan helburua: "Honaino heldu ahal izateko lan handia egin dugu eta helburua kontzertua eskaini eta herritarrek bandaren kontzertua berreskuratzea zen. Lehen konpasetik hasita kontzertu oso polita izan da. Entseguak nola egin, protokoloa zehaztu,... moldaketa ugari eta zalantza asko izan ditugu baina azken batean gaur hemen musikaz gozatzea zen asmoa".
Pilotalekua beteta, herritarrak "eskertuta" agertu dira halako emanaldiak berreskuratzeagatik, eta kontzertua "berezia" izan dela ere aitortu dute. Bandako kideen artean ere "harrera ona" izan duela uste dute eta egindakoarekin "gustura" geratu direla azaldu dute.
Omenaldi xumea Arrondori
Kontzertuaren bukaeran, eta saioa Boluko pilotalekuan izan dela aprobetxatuta, Jose Mari Arrondori omenaldi txiki bat egin diote auzoko jai batzordeko kideek. Izan ere, Boluko jaien sustatzaile nagusienetako bat izan zen Arrondo. Horrez gain, bandako kide ere izan da 50 urte baino gehiagotan, tronpa-jotzaile moduan.