Ipintza institutuko zuzendaritzatik adierazi dute DBH 1eko eta 2ko hiru gela horietako ikasleez gain beste bost irakasle ere konfinatu dituztela. "Osakidetzaren arabera, bakarrik kontaktu zuzena izan dutenak egongo dira konfinatuta, eta soilik horietako batek positiboa emango balu bere kontaktuak isolatzera joko lukete", adierazi dute Ipintzako zuzendaritzatik. Gaineratu dute Osakidetzako arakatzailea jakinaren gainean dagoela eta positibo horien bilakaera "gertutik" jarraituko dutela; gurasoei gogora ekarri diete COVID-19arekin zerikusia duen edozein gorabehera zuzendaritzari jakinaraztea.
Mariaren Lagundian, Lehen Hezkuntzako gela bat
Era berean, Bergarako Mariaren Lagundiko Lehen Hezkuntzako 4. mailako gela bateko ikasleak ez dira klasera joan gaur. Ikasle baten senide batek positibo eman zuen asteburuan eta ikastetxean abisua eman ostean erabaki dute gela horretako ikasle guztiei klasera ez etortzeko abisatzea. "Lasai gaude, aurreikustekoa zen egoera da eta ez da alarmarik sortu behar. Kontaktu zuzena gelaka banatuta ditugun bizikidetza unitateetan bakarrik eman da eta kasua kontrolatuta dugu; gaur ziren egitekoak PCR probak", adierazi dio GOIENAri Mariaren Lagundiko zuzendari Gotzon Iparragirrek.