Disko berria kaleratzear, bizi duen "ametsari" lotuta jarraitu nahi du Brigade Locok

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ira. 4a, 19:05

Brigade Locok irail bukaeran kaleratuko du 'Amets bati lotuta' izenburu duen diskoa, pandemiaren eraginez oraindik lotzeke duten egun eta leku batean. "Indartsuagoa eta osoagoa" da bigarren lana eta hamaika abesti ditu; tartean, Neallta Folaren bertsio bat.

Amets bati lotuta izenburu duen diskoa irail bukaeran kaleratuko du Brigade Locok. Apirilean kaleratu behar zuten eta lotuta zituzten diskoa aurkezteko emanaldi batzuk; tartean, Pentekosteen hasieran herri osoaren aurrean San Martin plazan eman behar zuten kontzertu berezia. Baina COVID-19ak hankaz gora jarri zien plana. "Otsailetik garajean ditugu diskoak eta biniloak, diru kopuru garrantzitsu bat aurreratuta. Gainera, ez dakigu pandemiak eragindako egoera honek zenbat iraungo duen, eta horregatik erabaki dugu orain kaleratzea", dio taldeko baxu-jole Oier Aperribaik.

"Esentzia" mantentzen du lanak

Ekintzek dute hitza arrakastatsuaren ostean, bigarren disko honetan entzuleak "Brigade Locoren esentzia" aurkituko duela diote: "Disko osotuagoa eta indartsuagoa dela uste dugu. Musika aldetik lehen diskoa baino landuagoa da; gertukoenek entzun dute eta esan digute Brigade Locoren kutsu nabarmena duela".

Abestiak landuagoak izanda ere, ikusteke dago lehen diskoak eragindako arrakastaren olatuak bere horretan jarraituko duen. Brigadetarrak baikor dira: "Oraindik ere jendeak ikusmina badauka; ikusi besterik ez dago Arbasoak kantuak izan duen oihartzuna eta harrera nolakoa izan den [disko berriko aurrerapen abestiak ia 17.000 bisita izan ditu bost egunean]", zehaztu du Aperribaik.

Asko entzun da Arbasoak abestia, eta, diotenez, jaso dituzten kritika gehienak oso onak izan dira. Hori bai, taldeko bateria-jole Manex Egañak nahiago luke konparazioetan ez erori: "Lehen diskoa lehena izan zen eta ez da horrelakorik errepikatuko. Bigarrena zaleen gustukoa izango dela bai uste dugula".

Hamaika abesti, bertsio batekin

Hamaika abestik osatzen dute diskoa, eta tartean badago bertsio berezi bat, Aretxabaletako Neallta Fola taldearen Itxaropen arnasa abestiarena. Zergatik talde aretxabaletarraren bertsio bat? "Talde erreferente bat izan da guretzat, duela hamarkada bateko mugimenduaren barruan zegoen talde gustukoenetako bat", dio Aperribaik.

Eta taldeko abeslari Lander Aznalek honako hau gaineratu nahi izan du: "Ez zuten oihartzun handirik izan eta uste dugu musika berezia eta ezberdina egiten zutela; keinu bat egin nahi izan diegu, omenaldi txiki bat". Abestien hitzetan gai politikoak eta sozialak dira nagusi. Euskal Herriaren alde borroka egin zuten arbasoei idatzitakoa; Irlandako preso politikoen gose grebari egindakoa; suizidioa tabutzat bizi duen gizartearen gainekoa...

"Oso gustura" daude diskoarekin; Iruñean grabatu eta Bartzelonan masterizatu dute

Zuzeneko batekin aurkeztu nahi

Konfinamendua bukatu eta gutxira, ekainaren 6an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan streamingetik zuzenean eman zuten kontzertua "espero baino hobeto" joan zen: "Beldur puntua bagenuen, erabat berria zelako guretako; ez genuen publikoaren berotasunik igarri bertatik bertara, baina gustura geratu ginen. Zain gaude benetako zuzeneko bat emateko".

Bigarren disko hau ere Iruñeko Sound of Sirens estudioan grabatu dute, Julen Urzaizen eskutik. Oraingo hau, baina, Bartzelonako Ultramarinos Costa Brava estudioetan nahastu eta masterizatu dute, eta "oso gustura" geratu dira emaitzarekin. Irail bukaeran aurkeztuko dute diskoa, baina oraindik lotzeke dute noiz eta nola: "Zerbait berezia egin nahi dugu, ez dugu diskoa beste barik atera nahi. Lotzeaz bat sare sozialen bidez iragarriko dugu". Hamar eurotan jarriko dute salgai diskoa, Euskal Herri osoko hainbat taberna eta dendetan; Internetez ere erosi ahalko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak