Bergarako Amillaga kalea berriro urbanizatzeko lanak, azarorako gertu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ira. 1a, 15:01

Apirilaren 27an hasi zituzten obrak Amillaga kalean, betiere irisgarritasuna bermatzeko eta tramu horretako hiri-mobiliarioa berritzeko asmoz. Udalaren arabera, obrak "martxa onean" doaz eta azarorako dena bukatuta izatea espero dute. Eusko Jaurlaritzaren 150.000 euroko diru-laguntza bati dago lotuta proiektua eta horregatik erabaki zuen Udalak proiektuarekin aurrera egitea.

Honako lan hauetan dihardute Amillagan, besteak beste: espaloiak zabaldu eta horien zorua berritu; burdinazko ur hornidura berria ezarri; euri urak jasotzeko azpiegitura berritu; LED farola berriak jarri; Laino skatepark pareko espaloia oztopatzen duen kutxeta handiaren tapa kendu eta espaloiaren kota berean utzi; eta autobus geltokia lekuz aldatu. 

Oinezkoen zirkulazioa eta autobus zerbitzua uneoro bermatu badira ere, obrek eragin zuzena ari dira izaten ibilgailuen zirkulazioan. Gaur gaurkoz ia Amillaga osoan bi norabidetan mugitu daitezke ibilgailuak baina herritik irteteko, norabide guztietan, Ernai kalea baliatzen ari dira. 

Sasoi Eraikuntzak enpresa ari da lanok gauzatzen, 376.735 euroko aurrekontuarekin, BEZ barne. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Industrialdeetako Renove Planari esker 150.000 euroko dirulaguntza jaso zuen Udalak eta hain justu horregatik erabaki zuten proiektuarekin aurrera egitea.

Ibargaraiko lanak, gaur goizean.

Ibargaraiko lanak, aurreikusi baino lehenago

Martxan dagoen beste obra esanguratsu bat  da  Ibargarai kaleko 4 eta 14 atarien arteko zatia berriro urbanizatzearena;  2019ko abuztuan ur horniduran izandako matxura bati behin betiko konponbidea emateko eta kale zati hori berriro urbanizatzeko abiatu zuten obra.  Udaletik adierazi dute lanak seguruenik aurreikusi baino lehenago bukatuko dituztela; hau da, irail bukaerarako amaitzea espero dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak