Udalak "eraginkorrago" jarduteko antolaketa berria aurrera, adostasun politikorik gabe

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko uzt. 21a, 15:18

COVID-19aren bueltan Bergaran izan diren azken positiboek eragindako kezkaz harago, irailetik aurrera martxan jartzekoa den Udalaren antolaketa berriak eragin zuen eztabaida politiko gehien atzoko osoko bilkuran. Gaur egungo hamabi batzordeetatik hiru izatera pasatuko dira, Udalak "eraginkorrago" jardun dezan.

COVID-19ak kezka sortu du Bergaran, eta EH Bilduk, EAJk zein alderdi sozialistak bat egin zuten atzoko bilkuran bergararrei ardura eta zuhurtzia eskatzerako orduan.

Pandemiari aurre egiteko batasuna agerikoa da udalbatzan, baina ez da horrela beste hainbat gaitan. Udaleko antolamendu berria da horren adibide, izan ere, irailean martxan jartzekoa den batzorde informatzaileen antolaketa berriak eztabaida politiko sutsua eragin zuen atzoko bilkuran. Gobernuak eta oposizioak ez dute modu berean ikusten aldaketa. 

Hamabi batzordetik, hiru batzordetara

Irailean martxan jartzekoa den antolamendu berriko aldaketa garrantzitsuena da  gaur egun dauden hamabi batzordeetatik hiru izatera pasatuko dela Udala: antolakuntza batzordea, herritarren batzordea eta lurralde batzordea. Gobernuak uste du instituzio antolakuntza sinplifikatuarekin administrazio-unitate ezberdinen arteko koordinazioa eta lan esparru bakoitzeko ezagutza eta komunikazioa sustatuko direla. 

Oposizioak, gaur gaurkoz, ez du horrela ikusten eta atzo, EH Bilduko zinegotzi baten faltan eta EAJk zein alderdi sozialistak kontra bozkatu ostean, alkatearen kalitate botoa behar izan zuen Gobernuak proposamena onartzeko. 

Debagoiena 2030 egitasmoa, aho batez

Bestalde, aho batez onartu zen Debagoiena 2030 egitasmoa sustatzeko eragileen arteko lankidetza hitzarmena. Atzoko erabakiarekin, hortaz, Bergarako Udalak konpromisoa hartzen du lanean jartzeko, bailarako beste hamabi eragile esanguratsurekin batera "adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa" izango den Debagoiena bat lortzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak