2019ko uztailean baino 1.600 abonatu gutxiago aurten Agorrosinen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko uzt. 8a, 17:52

Agorrosingo normaltasun berriaren irudia nabarmen aldatu da iazko uztailetik, eta badago datu bat hori berresten duena: 2019ko uztailean 4.800 abonatu inguru zeuden eta aurten ez dira 3.200 abonatura heltzen. COVID-19aren Udalak jarritako neurriak ondo ari dira betetzen, kirol teknikari-buru Iñaki Ugartebururen arabera.

Ekainaren 22an jarri zen martxan Agorrosingo uda denboraldia, normaltasun berriak eskatzen dituen neurriak betez. Udalak baldintza berrietara egokitutako sarrera, edukiera eta neurriak ezarri, eta kiroldegia ia zerbitzu guztiekin jarri zuten martxan. Hori bai, Agorrosingo normaltasun berriaren irudia nabarmen aldatu da aurten iazko uztailetik, eta badago datu bat baieztapen hori berresten duena: 2019ko uztailean 4.800 abonatu inguru zeuden eta aurten, uztailaren 7ko datuari erreparatuta, ez dira 3.200 abonatura heltzen –3.193 dira, zehazki esateko–. Ekainaren 22an kiroldegia ireki zenetik uztailaren 7ra arte, 7.500 bat sarrera izan dira eta orain arteko egunik jendetsuena izan da ekainaren 30a, egun horretan 886 erabiltzaile izan ziren-eta.

Ekainaren 22an kiroldegia ireki zenetik uztailaren 7ra arte, 7.500 bat sarrera izan dira eta orain arteko egunik jendetsuena izan da ekainaren 30a, egun horretan 886 erabiltzaile izan ziren-eta.

Udalak espero zuen jaitsiera

Udalak uztailean aurrera joan ahala eta egun beroak nagusitzen doazen heinean, erabiltzaile gehiago espero ditu datozen egunotan. Orain arte kanpoko igerilekuko berdegunearen edukiera eguazten arratsaldean bakarrik bete zen; datuak datu, baina, aurtengo uda denboraldian erabiltzaile kopuruan jaitsiera espero zutela aitortu du Udalak: "Neurri oso bereziak derrigorrean bete beharra, etorri aurretik nahitaez erreserba egin beharra... Eragozpenak dira, eta herritarrak akaso ez datoz orain arte moduan horregatik. Gainera, kutsatzeko beldurra ere izango dute batzuek... Interpretazioak askotarikoak izan daitezke, baina normala da jaitsiera. Segurtasuna bermatzeko har daitezkeen neurri guztiak hartu ditugu baina ulertzen dugu jendeak arriskatu nahi ez izatea; nire partetik lasaitasun mezu bat zabaldu nahiko nuke", dio kirol teknikari Iñaki Ugarteburuk.

Erabiltzaileen jarrera txalotu

Ugartebururen arabera, kiroldegia erabiltzen ari diren herritarrak neurriak ondo ari dira errespetatzen, "erantzukizunez". Horrekin batera, erabiltzaileak "oso gustura" dabiltzala dio Ugarteburuk: "Neurriak ondo betetzeaz gain, datozen erabiltzaileak oso gustura daude. Orain arte ez dugu kiroldegirako sarrera mugatu behar izan eta erabiltzaile guztiak aldez aurretik txanda hartzen ari direnez, ondo ari gara funtzionatzen. Kanpoko igerilekua edota Agorrosineko beste edozein zerbitzu erreserbatzeko hiru bide daude: www.bergarakirola.eus webgunean eskaera eginda, 943 77 70 95 telefono zenbakira deituta edota Agorrosinera bertaratuta.

Udala eta BKEren arteko akordioa

COVID-19aren ondorioz berdegunean distantziak mantendu ahal izateko eta edukiera handitzeko Udalak erabaki zuen uda denboraldian zehar bere jabetzakoa den Ipintza futbol zelai erdi eguzkia hartu ahal izateko bideratzea. Hautsak harrotu zituen erabaki horrek Bergara Kirol Elkartean, 2020- 2021 denboraldia prestatzeko Ipintza osorik erabiltzea beharko zutela argudiatuta.

Hala ere, akordio batera heldu dira bi aldeak, eta abuztuko azken astetik aurrera futbolerako erabiliko da Ipintza osoa. "Badirudi denboraldia beranduago hasiko dela, baina irailean hasita, ezinezkoa litzateke aurre-denboraldia prestatzea. Beraz, pozik gaude adostutakoarekin, normaltasunez hasi ahal izango dugu aurre-denboraldia, nahiz eta inkognita asko ditugun oraindik denboraldiari begira", azaldu du BKEko presidente Iosu Elortzak. Behin adostasun batera helduta, Udalak ez du gai horren gaineko adierazpen berririk egin nahi izan.

Labegaraieta ezin erabili irailetik abendura

Bestalde, Labegaraieta eraberritzeko bigarren faseko lanak "martxa onean" doazela dio Ugarteburuk. Aurreikuspena da Labegaraieta berria prest izatea 2021eko urtarrilerako eta kluben kezka nagusia da hurrengo denboraldiaren hasieran non entrenatu eta lehiatuko duten, baldin eta kirol federatua irailean hasten bada. Eskubaloia, saskibaloia, gimnasia erritmikoa, hockeya, eskalatzaileak, Beti Busti piragua taldea... Hainbat klub erabiltzaile ditu Labegaraietak eta obrengatik itxita egongo den tartean ezinbestekoa zaio Udalari beste udalerri batzuetako azpiegiturak erabiltzea. "Inguruko udal guztiekin egin dugu berba eta borondatea badago, baina haiek ere ez dituzte kirol azpiegiturak soberan. Espero dugu uztailean zehaztea zein izango den irailerako plana", gaineratu du kirol teknikari-buruak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak