Arnaldo Otegik "EAJren marka" izan du hizpide Olaso dorrean, eta azken legegintzaldian jeltzaleek izan dituzten jokaerak salatu ditu. Azaldu duenez, EAJk ez du "batasunaren aldeko apusturik" egin, eta Andoaingo eta Pasaiako alkatetzak PSEri eman izana leporatu dio, EH Bildu bigarren indarra izanda: "EH Bilduren marka adiz, bestelakoa da. Guk –Gasteizen bigarren indarra izanda– alkatetza EAJri eman genion eta ez PPri. Guk La Guardian, Biasterin, Trebiñun, La Bastidan, PNVri eman diogu alkatetza".
Horrela beraz, EH Bildluko koordinatzaile nagusiak bi markak "bereizteko" deia egin die abertzaleei eta haien bozka eskatu du: "Guk alderdia baino, aberria lehenesten dugu, baina EAJk alderdia lehenesten du eta ez aberria".
Toki berezia, Otegiren iritziz
Otegiren iritziz "abertzaleen arteko batasunaren kontra" daude jeltzaleak, eta hain zuzen ere, horregatik iritzi dute "aproposa" dela agerraldirako aukeratu duten kokalekua. Koordinatzaile nagusiaren esanetan, Monzon abertzaletasunaren erreferente nagusietakoa izan zen, eta Errepublika eta gerra garaian EAJren erreferentea ere bai. Otegik azaldu duenez, abertzale eta subiranistek "programa bat adostea" zuen helburu Monzonek, baina ez du uste hori denik egungo EAJren iritzia: "Telesforo Monzonek arrazoia zeukan: EAJk uko egin dio bere esentziari, bere arimari, bere izateko arrazoiari".