ALBISTEAK

EAJk hauteskunde kanpainako agerraldia egin du Bergaran

Uxue Igarza Loiola 2020ko uzt. 2a, 14:39

Hauteskunde ekitaldia egin zuten atzo Gipuzkoako zerrenda osatzen duten EAJko kideek, Bergaran. Zerrendako hirugarrena den Joseba Egibarrek aurkeztu zituen Iñaki Agirre, Irune Berasaluze eta Elena Lete eta Irune Galarraga bergararrak.

Bertaratutako hautagai guztiek hitz egin zuten, eta bakoitzak bere ikuspegitik bozka emateko mezua helarazi zien herritarrei. Autogobernua, zaintza eta kooperazioa izan ziren, besteak beste, jeltzaleek azpimarratu zituzten ideiak.

Egibarrek hartu zuen aurrea, eta Jaurlaritza berria sortzeko talde-lana "beharrezkoa" izango dela azaldu zuen. Ezinbestean "erronkei aurre egitea" tokatuko dela uste du: "Egoera zaila da, eta oraindik zailagoa izango den egoera izango dugu uda ostean –ekonomiari dagokionez–, eta horregatik da garrantzitsua Legebiltzar indartsua eratzea".

Iñaki Agirre Gipuzkoako zazpigarren hautagaia, berriz, alor ekonomikoan izango diren erronken inguruan aritu zen, eta gako "nazioarteko politikak sustatzea" dela esan zuen. Hala, Europan hartzen diren erabakietan parte hartzea nahi dute jeltzaleek.

Ondoren, Elena Lete bergararraren txanda izan zen, eta alderdiak orain arte egindako lana txalotu zuen. Era berean, datorrenari aurre egiteko prest daudela azaldu zuen: "Gure alderdiak eskubideak eta erantzukizunak inork baino hobeto barneratuta ditu, eta gure ardurak betetzen ditugu. Ez dugu egingarria ez den ezer agintzen. Badakigu lan egiten eta horretarako erakunde formatuak sendoak eta solidoak ditugu".

Irune Galarragak zaintza izan zuen ardatz, eta etorkizuna "zaintzan hezitako gizartearekin" irudikatzen duela esan zuen. Bestetik, alderdiaren agintzetako batzuk zerrendatu zituen; besteak beste, tele-laguntza zerbitzuak 80 urtetik gorako pertsona guztiei zabaltzea edota pentsiodunei hilean 800 euroko diru-sarrerak bermatzea.

Bukatzeko, Irune Berasaluzek autogobernua izan zuen hizpide, eta "tutelarik gabe", herri burujabe baten aldeko aldarria egin zuen; hemen erabaki, hemen kudeatu esaldiarekin bukatu zuen bere tartea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak