Udal Gobernua eta oposizioa, "benetako lankidetzarako gertu" alarma egoeraren osteko agertokirako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko eka. 30a, 15:01

Alarma egoeraren osteko lehen osoko bilkura presentziala egin zuten atzo Bergaran, normaltasun berriak eskatzen dituen neurri guztiak beteta. COVID-19aren ondorioz 2020ko ordenantza fiskalen aldaketa aho batez onartu zen, baina izan zen eztabaidarik; egoera berrirako oposizioarekin kontatzeko eskatu zion EAJk Gobernuri eta "benetako lankidetzarako gertu" daudela esan zuten jeltzaleek. Gorka Artola alkateak dio lankidetzarako ateak ireki direla eta ate horiek ondo aprobetxatzeko talde guztiei dagokiela lan egitea. 

Esandako moduan, atzoko bilkura berezian hartu ziren erabakien artean dago COVID-19aren ondorioz 2020ko ordenantza fiskalen aldaketa aho batez onartu zela. Alarma egoera ezarri eta gutxira hartu zuen Udalak, besteak beste, ura, zaborra, Agorrosingo kiroldegiko eta terrazetako tasak ez kobratzeko erabakia. Gobernuaren proposamena begi onez ikusi zuen oposizioak hasieratik, eta atzokoan aldeko botoa eman zuten.

Uda Aktiboaren prezio aldaketa

Udalbatzak aho batez hartu zen beste erabaki bat izan zen Uda Aktiboa programarako prezio publikoak aldatzeko proposamena. Hain justu, atzo abiatu zuten Uda Aktiboa programa, eta guztira 252 ume ari dira parte hartzen ekimen ezberdinetan eta inoiz baino banatuago. Udalarekin 132 ume ari dira eta ikastetxeen bitartez beste 120 umeri eskaini diete aisialdi eskaintza uztailerako.

Adostutako prezioak izan dira: tarifa arrunta da hiru asterako 105 euro eta lau asterako 140 euro; eta tarifa soziala, berriz, hiru asterako 45 euro eta lau asterako 60 euro.

Ikuspegi ezberdinak AHTren bueltan

Bestalde, agerian geratu zen  Udal Gobernuaren eta oposizioaren artean ikuspegi ezberdinak daudela Abiadura Handiko Trenaren bueltan. Orain ardura izenarekin herritar talde batek aurkeztutako mozioan eskatzen zen, besteak beste, AHTra bideratutako aurrekontu partidak gizarte zerbitzuetara eta COVID-19aren krisia gehien pairatuko duten sektoreetara bidaltzea. Aurrera egin zuen mozioak, EH Bilduk alde bozkatu eta EAJk zein alderdi sozialistak kontra bozkatu ostean.

EAJ: "Bada garaia elkarrekin lan egiteko"

Bilkuran zehar eta baita galdera eta eskaeren tartean ere, EAJk Udal Gobernuari behin  eta berriz eskatu zion oposizioarekin benetako partaidetza sustatzeko, diotenez, Gobernuak jakinarazteko bai baina lanketa zehatzak egiteko borondaterik ez dutelako. "Osoko bilkura honetan behin eta berriz irten da partaidetza eta gardentasun falta. Oposizioarekin kontatzeko eskatu nahi diot EH Bilduren Gobernuari, benetako partaidetza hasteko unea da-eta. Oraindik ez da berandu, datorren krisi ekonomiko hau elkarrekin gainditu beharko dugu; eta bada garaia elkarrekin lan egiteko", esan zuen EAJko Maite Agirrek.

EH Bilduk ez du horrela ikusten: "Ate batzuk ireki ditugu baina ez dugu jakin ate horiek aprobetxatzen. Uste dut denon helburua izan beharko litzatekeela aukera horiek aprobetxatzea; denok dugu lanketa egin beharra zentzu horretan".

LGTBI pertsonen diagnostikoa Berdintasun Planean txertatzeko konpromisoa

Mozioen artean, ekainaren 28a sexu askapenerako eguna izan zela-eta adierazpen instituzionala egin du udalbatzak aurten ere. Hala, udalbatzak aho batez onartu zuen, besteak beste, hirugarren Berdintasun Planean LGTBI pertsonen egoeraren diagnostikoa txertatzea eta diagnostiko horri erantzungo dion talka-plan bat bultzatzea, premiazkoenak diren ekintzak lehenetsiz, eta arlo guztietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak