Kiroldegi barruko lanak hasita, Labegaraieta berria urte bukaerarako gertu izatea espero dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko eka. 9a, 17:05

Labegaraietako kiroldegi berrirako lanak 2020 urtea bukatu aurretik bukatzea espero du Bergarako Udalak. COVID-19ak oraingoz ez du zuzenean eragin proiektu honetan; aldagela berrien eraikina epe barruan eta "txukun" bukatu dute eta bigarren fasean kiroldegia erabat eraberrituko dute barrutik. Diputazioaren ia 600.000 euroko diru-laguntza bati lotuta dago proiektua.

Labegaraietako kiroldegiak badu eraikin berri bat zaharrari itsatsita, Udaleko kirol zerbitzuaren arabera, lehen faseko lanak epe barruan eta txukun amaitu direlako. Aldagela berriak jango dira nagusiki eraikin horretan. "Orain arte kiroldegi barruan lau talde-aldagela, epaileen aldagela eta aldagela egokitu bat zeuden. Orain zazpi aldagela berri egin ditugu itsatsita doan eraikin berrian", adierazi du kirol teknikari Iñaki Ugarteburuk.

27 urteko kantxari agur

Bigarren faseko lanen barruan aldaketa aipagarriena da, baina, kantxa berritu egingo dela. "Kentzen ari diren kantxa honek 27 urte egin ditu eta oso kantxa izan dela esan beharra dago. Ez pentsa lan erraza danik halako kantxa bat lortzea... Espero dugu baietz. Egurrezko kantxa izango da, betiere ezaugarri elastikoak izango dituena. Espero dugu kantxa ona irtetea".

Gainera, gortina banatzaileak eta markagailuak berritu egingo direla. Labegaraieta berrian rokodromoa gune itxi baten egongo da, herriko eskalatzaile taldearen aspaldiko eskaera bat betez. Eta orain arte rokodromoaren azpian egon diren harmailen lekuan material handia gordetzeko biltegi batzuk egokituko dituzte, besteak beste, kanastak eta gimnasia erritmikoko gurdiak gordetzeko.

Biltegiez gain, erabiltzaileendako gimnasio bat ere jarriko dute. Gaur egungo sarrera nagusiak ere aldaketa nabarmenak jasango ditu: "Sarrera eskuinaldetik bakarrik izango da, ez da egongo ezkerretik ere sartzeko; irisgarritasuna bermatzeko igogailua jarriko da eta goiko pisuan auzokideendako gune bat ere egokituko dugu. Klubendako beste espazio bat ere jarriko da goiko pisuan".

Beste udal batzuekin berbetan

Klubei dagokienez, obra honen erronka handienetako bat da Labegaraietako ohiko erabiltzaile diren klubek beste azpiegitura batzuk beharko dituztela entrenatzeko eta lehiatzeko. Ugarteburuk dioenez, aspalditik ari dira inguruko herrietako udal guztiekin berbetan: "Momentuz Antzuolako Udalarekin lotu dugu eskolako kantxa eta frontoia erabiltzea; zorionez, ordu asko eskaini dizkigute. Arrasate, Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalekin ere ari gara berbetan; herri horietan irailetik aurrera hasiko dira 2020-2021 denboraldia antolatzen. Jakin badakite premia berezi baten aurrean egongo garela; ahaleginduko dira aukera ematen".

Artzamendi enpresak gauzatuko ditu kiroldegi barruko lanak eta aurrekontua da 1.502.396 eurokoa, BEZa barne.

Artzamendi enpresari esleituta

Bigarren faseko lanok Artzamendi enpresak egingo ditu eta aurrekontua da 1.502.396 eurokoa, BEZa barne. Udalak jakitera eman duenez, Artzamendi enpresak lizitazio oinarritik 38.000 euro jaitsi du aurrekontua eta hainbat hobekuntza aurkeztu ditu: kantxan markagailu modernoago bat jarriko du; espazio anitzetako altzariak jarriko ditu; zubi-garabiaren kanpo aldeko egituran hobekuntzak egingo ditu; eta rokodromo itxian aroztegi metalikoa jarriko du. Gogora ekarri behar da proiektuak Gipuzkoako Aldundiaren ia 600.000 euroko diru-laguntza jaso zuela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak