EAJk behin eta berriz errepikatu zuen atzoko bilkura denbora "oso aldagai garrantzitsua" dela eta Gobernuari "lehenbailehen" martxan jartzeko eskatu zion. "Neurriak martxan egon beharko lirateke, baina behar diren neurriak ez daude martxan. Duela hamabost bat egun proposamen zehatz batzuk aurkeztu genizkien, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Ez dut esaten neurri horiek guztiak aplikatu behar direnik, baina jakinda altxortegi bat dagoela eta hori posible dela bideratzea, Gobernuari mesedez eskatzen diogu neurriak jar ditzatela martxan", esan zuen Elena Letek.
Gorka Artolak, berriz, erantzun zion esanez EAJren proposamenak "aintzat" hartu dituztela baina horietako batzuk ez zirela "oso errealistak": "Saiatuko gara EAJren neurriak gure lanketetan txertatzen baina uste dugu seguruenik ez direla egoera honetan oso errealistak. Uste dugu, gainera, badagoela arrisku bat gizartearengan espektatiba batzuk sortzeko une honetan Udalak bete ezin dituenak". Horrekin batera, Artolak gaineratu du "hasieratik" hartu dituztela neurriak: "Orain arte gizarte zerbitzuetakoak eta sustapen ekonomikorakoak izan dira hartu ditugun neurriak, eta beste batzuk martxan daude edo egongo dira. Aurrera begira, beste arloetako erantzunak ere artikulatu eta txapel orokor baten barruan jarri beharra dago, eta lanketa horretan ari gara".
Alderdi sozialistako bozeramaile Alberto Alonsok ez zuen hitzik hartu osoko bilkuran baina amaieran GOIENAri adierazi zion "analisiak eragindako paralisian" dagoela Udala: "Beste behin ere kezkatzen gaituena da analisiaren izenean dagoen paralisia. Gobernua behin eta berriz ari da esaten aztertu eta hausnartzen ari direla baina guk ulertzen dugu aktiboagoak eta pragmatikoagoak izan behar direla. Uste dugu honezkero anbizio handiagoa izango zuen plan orokorrago bat prest izan beharko genuela, plan hori neurri txikien bidez aplikatu beharrean".