ALBISTEAK

Ibilgailuen Azterketa Teknikoa, segurtasun neurri zorrotzekin

Eneko Azurmendi 2020ko mai. 15a, 14:39

Bi hilabete itxita egon ostean, martitzenean ireki zituen ateak Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoak, eta aste honetan ilara luzeak sortu dira. Gainera, hainbat segurtasun neurri hartu dituzte eta, gasen isurien eta frenoen proba, esaterako, bezeroek egin behar izaten dituzte orain, inspektorea autoan sartzea ekiditeko. 

Fernando Legaz zuzendariaren arabera, eskaera guztiei zerbitzua eskaintzen ari dira, "kontuan hartu gabe bi hilabete hauetan pasatzekoak ziren autoak edota orain pasatu behar dutenak diren". Fernando Legaz zuzendariaren arabera. "Hasiera batean, azterketaren balioa bi hilabete hauetan iraungi zaien ibilgailuek, alarma egoera bukatzen denetik hilabete bateko epea izango dute berriro azterketa egiteko".

Bestalde, konfinamendua hasi aurretik azterketa pasatu ez zuten eta bigarren azterketa pasatzeko beharra zeukaten ibilgailuak ere pilatzen ari dira orain, eta horrek guztiak eragiten ditu egunotako ilara luzeak.

Segurtasun neurriei dagokienez, sartzen diren pertsona guztiei tenperatura neurtzeko kamera bat jarri dute, eta manparak ere jarri dituzte harreran. Bestalde, langile guztiek dituzte eskularruak, maskarak eta gelak. 

Azterketa egiteko prozedura ere aldatu egin da. "Aldaketa esanguratsuena da, bezeroen eta inspektoreen segurtasuna bermatzeko, bezeroa ez dela ibilgailutik irteten azterketak irauten duen bitartean. Lehen inspektoreek egiten zituzten hainbat proba, orain bezeroak egiten ditu, inspektorea ez dadin autoan sartu".

Halere, zuzendariak adierazi duenez, azterketak berak ez die zailtasun handirik eragin, eta zailena bezeroak ordenatzea eta bulegoan arreta eskaintzea dela dio, jende pilaketak ekiditeko. Izan ere, segurtasun distantziak mantendu behar izaten dituzte txanda eskatzera doazenean edota bukaerako txostena jasotzerakoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak