Aurreratu egin dituzte Ibargaraiko lanak, alarma egoera aprobetxatuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko api. 22a, 13:10

Bergarako Ibargarai kaleko 4 eta 14 atarien artean egin beharreko instalazioak eta urbanizazioa berritzeko lanak maiatza bukaeran ziren hastekoak eta lanak esleituta eta konprometituta zeuden alarma egoera aurretik. Hala ere, obrak hilabete aurreratzea erabaki du Udal Gobernuak, dendariei, Aranzadi ikastolari eta bizilagunei ahalik eta kalte gutxien eragiteko.

Lanon helburua da eremu horretan ur, euri-ur eta argiteriako azpiegiturak berritzea, eta errepide zatia eta espaloia berriro urbanizatzea. Erabakia hartu aurretik inguruko merkatariekin, Aranzadi Ikastolako ordezkariekin eta bizilagunekin elkartu dira eta, diotenez, begi onez ikusi dute orokorrean. Obra aurreratzeko erabakiari dagokionez, bizilagunak dira gobernuaren kezka nagusia. 

Kaleko zati horretako aparkalekuak hustu egin dituzte eta asmoa da seminarioko patioko zati bat aparkaleku moduan erabiltzea, betiere alarma egoerak irauten duen bitartean.    

Alarma egoera lanak lehenago bukatzeko lagungarri izatea espero dute

Obrak adjudikatu zenean sei hilabeteko epea zehazten zen kontratuan baina Udalak espero du lanak lehenago bukatzea, mugimendurik ezean lanak garatzeko erraztasun gehiago izango duelako enpresa eraikitzaileak.  

Hain zuzen ere, obra Construcciones Artzamendi enpresari adjudikatu zitzaion 308.849 eurotan, BEZ barne. Obraren zuzendaritza BEB Arkitektoak enpresaren ardura da eta lanen exekuzio materialaren zuzendaritza Iñaki Arregi Garitanok darama. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak