ALBISTEAK

200 lagunetik gora ari dira 'Bergara zaintzen' egitasmoan boluntario gisa

Imanol Beloki 2020ko mar. 21a, 17:44

Herriko eragileen iniziatibaz eta Bergarako Udalaren koordinazio eta babesarekin, 'Bergara zaintzen' egitasmoa indartsu hasi da. 200 boluntariotik gora ari dira etxetik irten ezin direnentzako zerbitzua eskaintzen –oraingoz, 14–, eta horiei, hondakinak ateratzen, farmaziako produkturen bat edo elikagaiak eta bestelako erosketak egiten eta etxera eramaten ari dira egunotan.

Ainhoa Lete Bergarako Ongizate saileko zinegotziak adierazi duenez, herritar sareak erantzun "oso ona" izan du: "Momentu honetan, 200 pertsonatik gora gara boluntario gisa ari garenak, eta beraz, erantzun oso ona izan dugu, eta erabiltzaileak, berriz, 14 ditugu identifikatuta. Hala, laguntza emateko, momentuz soberan gaude, baina, badugu kezka bat; egoera hau aurrera joan ahala, beharrak hazten joango dira, boluntarioak gaixotzen…, eta, beraz, sekula ez da nahikoa".

Zerbitzua, gaur gaurkoz, zenbait erosketa egiteko, eta hondakinak ateratzeko bada ere, beste zenbait behar sortuko direla ere adierazi du Letek: "Zaintza hor dago, eta Goienagusitik telefonoko konpainia egiten hasiko direla edo hasi dira…, eta horri erantzuteko ere prest egongo gara".

Boluntario izateko edo zerbitzua jasotzeko

Boluntario izateko 18 eta 60 urte arte bitartean izan behar dira, osasun arazorik ez da izan behar, eta ahal dela jende heldua eta gaixotasun kroniko bat  inguruan ez izatea. Boluntario gisa aritu nahi duenak, bergarazaintzen@gmail.com helbidera idatzi beharko du.

Etxetik irten ezin denak eta zerbitzuaren beharra duenak, aldiz, 010 telefonora deitu beharko du, 08:00etatik 18:00etara bitartean.

Boluntario lana egitearen onura

Bergaran bizi den Ainhoa Martin Bergara zaintzen egitasmoan parte hartzen ari da boluntario gisa. Hala, oinarrizko beharrak dituen herritar nagusi bati laguntza eskaintzen ari da.

Ainhoa Martin Bergara zaintzen egitasmoko boluntarioa.

"Pasa den astean deitu zidaten adineko pertsona batek laguntza behar zuelako, eta berari laguntzen aritu naiz: erosketak egin… Hala, konfinamendu egoera honetan dagoen pertsona hau, ez dago osasunez gaizki, baina, kontagiatzeko arriskua du kalera irten ez gero. Nire kasuan, indibidualki zentratzen naiz pertsona bakarrean, nire kontaktua du berak, eta behar duenerako deitu egiten dit. Asko eskertu dit, bai momentuan eta, baita, ostean ere; deitu egin zidan eskerrak emateko, eta hori norberarentzat positiboa da… Duda barik jendeari egitasmora batzeko deia ere egingo nieke".

"Egoera honetan gehien pairatzen dutenak arrisku gehien duten gizarteko taldeak dira, eta zorionez bagaude pertsona batzuk gaitasun gehiago ditugunak egoera hauek normalitate gehiagorekin eramateko, ahal dugun neurrian. Denok egin dezakegu zerbait egoera honetan laguntza eskaintzeko, gutxi eginda, asko egin dezakegu, eta asko eskertzen da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak