Martxoaren 27an ekingo diote aurtengo 'Apirilean musika' musikaldiari

Maialen Santos 2020ko mar. 9a, 16:26

'Apirilean Musika' XVI. aldiz antolatu du Bergarako Musika Eskolak. Martxoaren 27an hasita ikastaroak, instrumentu ezberdinen emanaldiak, elkartrukeak eta musika kalean izango dira nagusi.

Ikasleen formakuntzan sakontzeko asmoz, herrian dagoen musika "eskaintza zabalaren" gehiagarri gisara egingo dutela adierazi du Marije Ugalde Bergarako Musika Eskolako zuzendariak. Hala, ikasleek eskolan egiten dutena herriari erakustea izango da helburu nagusia. 

Apirilean Musika izena hartu arren, martxoaren 27an ekingo diote XVI. edizioari; hain justu, Musika Eskolako Orkestra Sinfonikoak Musikeneko Hilleau soka bikotearekin eskainiko baitu kontzertua. Bestalde, musika kalean entzuteko aukera ere zenbaitetan egongo da; esaterako, martxoaren 27an bertan, apirilaren 2an eta baita Erramu Zapatuan ere –apirilaren 4an–. 

Apirilean Musikaren baitan ikastaro eta hitzaldiak ere antolatu dituzte. Aurreratu dutenez, musika eskolako ikasleei zuzenduta egongo dira batzuk; baina haur zein helduei zuzendutakoak ere egongo dira, herritar orok parte hartzeko aukera izan dezan.

Egitarauaren baitan, bi elkartruke

Horretaz gain, musika eskolen arteko bi elkartruke ere egingo dituztela eman dute jakitera. Hasteko eta behin, martxoaren 28an Arrasateko Suzuki ikasleak Bergarakoekin batera arituko dira: "Gure ikasleak Gabonen aurretik izan ziren Arrasaten, eta orain alderantziz egitea tokatzen da", azaldu du Ugaldek. Bestetik, martxoaren 31an Arrasate, Ordizia eta Bergarako Biolontxelo ikasleen topaketa egingo dute. 

Operak ere izango du tartea musikaldian; hain justu, Turandot operaren proiekzioa egingo baitute martxoaren 28an, Seminarixoan. Hori ez ezik, bi ipuin musikatu eta kontzertu didaktikoak ere antolatu dituzte. 

Debagoieneko Musika Eskolen kontzertua ere egongo da egitarauaren baitan; apirilaren 1ean egingo dute hori, Eskoriatzan. 

Egitarau osoa

Ikus Apirilean Musika musikaldirako antolatutako egitarau osoa azpian atxikita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak