Erabateko adostasuna izan zen udalbatzan, aldi berean, Martxoaren 8aren bueltan onartutako adierazpen instituzionala. Alkatearen arabera, "arriskua" dute halako adierazpenek paperean geratzeko: "Aurten konpromisoa hartu dugu eta isla esanguratsua du udal aurrekontuan. Teknikari bat jardun osoz aritzeko kontratazioa gauzatzea espero dugu, eta gaur onartutako helburuak egikaritzeko baliabideak jarriko ditugu. Eragile feministekin harremana indartzea ere bada helburua".
EAJ: "Zuen kudeaketa ez da gardena"
Eztabaida aipagarri bakarra galderen eta eskaeren tartean izan zen. Azken inausketa batzuk eta Amillaga kaleko urbanizazio lanak adibide jarrita, "gardentasun eza" leporatu zion EAJk Udal Gobernuari. "Salaketa egiteko gure abiapuntua da alkateak lehen egunean esan zuena, hau da, udal talde guztiekin lan egitera zetorrela. Ez dugu hori ikusten eta hainbat gaitan oso nabarmena da hori". Gai horien artean kokatzen ditu Elena Letek Matxiategi inguruan egin diren azken inausketa batzuk eta Amillaga kaleko proiektuan autobus geltokia herrigunetik urrundu izana.
Gorka Artola, ordea, ez dago ados bozeramaile jeltzalearen baieztapenarekin: "Uste dugu lanketak egiten ari garela batzordetan, eramaten ari garela Udal Gobernuaren jarduna batzordeetarako kontrastea egin dezaten eta ekarpenak jaso ditzagun. Horrela jarraitzeko konpromisoa dugu".