Kontrako botorik gabe onartu dute udal aurrekontua Bergaran, 2002tik lehen aldiz

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urt. 28a, 12:27

Bergarako udalbatzak 25.251.152 euroko aurrekontua onartu du 2020rako, iazkoa baino %5,57 handiagoa. 2002tik lehen aldiz kontrako botorik gabe onartu zen udal aurrekontua, EH Bilduren proposamenaren aurrean abstenitu egin zirelako EAJ eta PSE-EE. Zubieta kalea eta Labegaraietako kiroldegia eraberritzea izango dira 2020ko proiektu nagusiak.

EH Bilduren proposamenaren aurrean abstenitu egin ziren EAJ eta alderdi sozialista. Esan beharra dago datu esanguratsua dela hori, 2002a ezkero lehen aldia delako udal aurrekontua onartu dela kontrako botorik gabe. Azken 18 urteetan egon ez den adostasun politiko maila lortu izanarekin bereziki pozik zegoen Gorka Artola alkatea. "Hasiera batetik saiatu gara haien [oposizioaren] proposamenak kontuan hartzen. Jasotako proposamen guztiek izan dute isla gure azken dokumentuan; batzuetan adostasunera heldu ez bagara ere, saiatu gara lanketarako espazioa ematen. Bozketa horren emaitza izan dela uste dut".

Horrekin batera, "bi abiaduratako" aurrekontua dela nabarmendu zuen alkateak. Batetik, Bergarako eguneroko beharrei erantzutera bideratutako aurrekontua eta, bestetik, etorkizuneko Bergarako irudikatzen lagunduko duena. 

EAJren abstentzioa, eta Zubietako "konpromiso ezarekiko" kritika

EAJko bozeramaile Elena Letek esan zuen pozten direla euren emendakinetako batzuk –bederatzi aurkeztu zituzten– onartu direlako eta "zentzudunak" direnez ez zuten kontrako botorik eman. Hala ere, Zubieta-Masterreka berriro urbanizatzeko emendakina onartu ez izana ez dute ulertzen jeltzaleek. Diote, besteak beste, Gobernuak ez duela obra gauzatzeko nahikoa konpromiso hartu. "Zubieta-Masterreka ardatzerako 200.000 euro bakarrik bideratzea penagarria da. Kontuan hartuta seminarioko parkinga momentuz geldi dagoela eta biak aldi berean gauzatu ezingo zirela aintzat hartuta, aprobetxatu beharko litzateke Zubieta kalea eraberritzeko". 

PSE-EE pozik, baina ekintzen zain

Alderdi sozialistaren eskari nagusia izan da udal aurrekontuaren %1 berdintasun politiketara bideratzea eta administrazioan helburu hori lortzea "oso zaila" dela aitortuta ere udal aurrekontuaren %0,53 bideratu da berdintasun politikatara, 2019koa "askogatik" gaindituta. Alberto Alonsok Gobernuaren "jarrera eraikitzailea" txalotu zuen baina dio oraindik goiz dela aldeko botoa emateko: "Konfiantza pixkanaka irabazten den zerbait da, eta oraindik adierazpenen fasean gaude. Beraz, itxaron dezagun ekintzen arora eta, nork daki, hurrengo urtean akaso emaitza positiboago bat lortu dezakete gure aldetik".

Zubieta eta Labegaraieta

2020an 4.122.011 euroko inbertsio gaitasuna izango du Udalak; eta horri gehituko zaio gerakinetik bideratu litekeena. "Askotariko" beharrei erantzun gura diete: "Eraberritze beharra duten kaleak berriro urbanizatzea; eskola publikoen eraikinetan berrikuntzak; kirol azpiegiturak berritzea eta hobetzea; herritarren eta txakurren arteko bizikidetza errazteko baliabideak; kontratazio publikoetan irizpide etikoak ezartzea –sozialak, ingurumenekoak, berdintasunekoak, hizkuntza irizpideak…–, etxebizitza premiei erantzunak bilatzea eta beste asko".

2020an forma hartzen hasiko diren proiektu esanguratsuenak izango dira Zubieta-Masterreka berriro urbanizatzea eta Labegaraietako kiroldegia berritzea. Zubieta kalea eraberritzeko EAJk "konpromiso falta" leporatu arren, Gobernuak badu kronograma bat zehaztuta; 2020 bukaeran hasiko lirateke lehen fase hori gauzatzen eta helburua da "ahalik eta modurik jarraituenean" hiru faseak gauzatzea, betiere Udalaren baliabideen arabera. Hain zuzen ere, Zubietako auzotar batzuk izan ziren atzoko bilkuran eta Gobernuari eskatu zioten ezer egin aurretik proiektua berriro ere bizilagunekin konpartitzeko. 

Bestalde, Labegaraietako kiroldegia barrutik berritzeko bigarren faseko lanak udan hasi eta 2021eko urtarrilean bukatzea aurreikusten du Udalak.  

Beste partida esanguratsu batzuk

Eta gainerako partiden artean, azpimarratzekoak dira, besteak beste, sustapen ekonomikorako 150.000 euroko partida; Bergara jasangarriago baterako 140.000 euroko poltsa; Agorrosingo futbol zelaia artifiziala egingo duen proiektua idazteko ia 55.000 euro; eta Turismo Plana martxan jartzeko 30.000 euro; plan hori osagarria izango da Mankomunitateak landuko duenarekin.

 

Erlazionatuak

2020ko lehen osoko bilkura argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020 urt 28 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak