EAJk dio udal aurrekonturako negoziazioak "bide onetik" doazela

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urt. 21a, 09:54

Arregi, Agirre, Lete, Murgiondo eta Galarraga, artxiboko argazki baten.

Urtarrilaren 27ko ohiko osoko bilkuran eztabaidatuko du Bergarako udalbatzak 2020rako udal aurrekontua. EAJk prentsa agerraldia egin zuen atzo negoziazioak "bide onetik" doazela adierazi eta Udal Gobernuari proposatzen dizkioten bederatzi zuzenketak onartzea eskatzeko: "Ezinbestekoa ikusten dugu bederatzi zuzenketetan akordioetara iristea alde bozkatzeko; azken egunera arte lanean jarraituko dugu".

2020rako udal aurrekonturako negoziazioetan "jarrera positiboa" dela diote jeltzaleek: "EH Bilduk 2020rako egindako aurrekontu proposamena aztertu ondoren, bederatzi zuzenketa aurkeztu genituen proposamena hobetzeko asmoz, bereziki Bergarako herritarren ongizatea azpimarratuz. Oraingoz lau bilera izan ditugu gobernu taldearekin, eta jarrera positiboa izan da, elkarrizketarako eta Bergararen eta bergararren alde lan egiteko prestutasuna aurkitu da".

Laburbilduz, honako bederatzi zuzenketa proposatu ditu EAJk:

  1. Kartera mapa: gizarte-zerbitzuen zorroa garatzeko partida osatu nahi dute. 25.000 euro.
  2. 2020an jaiotakoei laguntza programa: hasierako proposamena aldatu dute jeltzaleek akordioari begira, eta lehen hiru urteetako ekarpena 300 eurotik 250 eurora jaitsi dute. "Gure eginbeharra da jaioberriak mantentzearekin eta zaintzearekin lotutako behar ekonomikoak dituzten familiei laguntzea".
  3. Hileta zibiletarako gune bat sortzea: kokapena eta ekipamendua parte hartze prozesu baten bidez aukeratzea proposatzen dute. 10.000 euro.
  4. Masterreka-Zubieta ardatzaren urbanizazioa: jeltzaleek eskatu diote gobernuari aurrekontua onartzeko osoko bilkura baino lehen, aldi baterako proposamen idatzia aurkeztea; bi proiektuen jarduera-esparru koordinatua zehaztuko duen dokumentua eta baita partida ekonomikoa ere.
  5. Lurpeko parkinga mantentzea: "ezinbesteko" ikusten dute proiektu hori ekonomikoki hornitzen jarraitzea, "beharrezko" ikusten dute-eta Bergarako lurpeko aparkalekua egitea. 2019an aurreikusitako zenbatekoari 20.000 euro handitzea proposatzen dute, KPIren araberako igoera.
  6. Txakurrendako espazioak: herritarrekin lan-mahai bat sortzea proposatzen du EAJk, kokapen egokienak eta diseinua zehazteko. 40.000 euro.
  7. Ortuibarko zubia argiztatzea: hasieran Santa Marina eta Ortuibarko zubia argiztatzea proposatu zuten, baina negoziazioei begira "malguagoak" izateko Ortuibarkoa argiztatzea proposatu dute –betiere Santa Marinakorako proiektu bat idaztea eskatu ostean–. 7.000 euro.
  8. Zirkuitu turistikoa San Pedroko gangen gainean: hasierako partida 60.000 eurokoa zen, eta orain gutxienez 40.000 euroko partida eskatzen dute jeltzaleek San Pedro elizako gangen zirkuitua egokitu eta turismo plan baten sartzeko.
  9. Negozioen belaunaldi-transmisioa: finantzaketa-lerro espezifikoak negozio txikien belaunaldi-transmisioa errazteko. "Elkarrizketetan gai honen inguruko kezka partekatzen dugula ikusi dugu", diote. 80.000 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak