EAJk bederatzi zuzenketa aurkeztu ditu Udal aurrekontuak "hobetzeko asmoz"

Xabier Urtzelai 2020ko urt. 2a, 13:13

EH Bilduren gobernu taldeak 2020rako egindako aurrekontu proposamena aztertu ondoren, EAJren udal taldeak 9 zuzenketa aurkeztu ditu, "Bergarako herritarren ongizatea bereziki azpimarratuz. Gure helburu nagusia da Bergara adiskidetsu, jasangarri eta integratzaile izatea da", adierazi dute gaur prentsaurrean.

EAJko ordezkariek adierazi dute zuzenketa hauek egiterakoan bergararren eta sektoreko eragileen eskaerak eta iradokizunak kontuan hartu dituztela. Premisa horretatik abiatuta, jeltzaleek honako zuzenketa hauek proposatu dituzte, hiru bloketan banatuta: Bergararrak, Hiri atsegina eta Ondarea.

Lehenengo blokeko zuzenketak dira, kartera mapa deritzona, 2020an jaioko direnei laguntzeko programa eta hileta zibilak egiteko gune bat sortzea. Kartera mapari dagokionez, "Gizarte-zerbitzuek eta bergarraren ongizateak duten garrantzia dela eta, gizarte-zerbitzuen kartera mapa garatzeko partida osatzea beharrezkoa ikusten dugu. Garapen hori kanpoko eragile batek dinamiza dezakeen lan-mahai sektorial bat osatzea beharrezkoa dela ulertzen dugu, 20.000 euroko gehikuntzarekin".

300 euroko bonua 2020an jaiotzen direnendako, Bergaran gastatzeko 

2020an jaioko direnei laguntzeko programaren barruan –adopzioak barne–, hauxe da jeltzaleek proposatu dutena: "Helburua da jaioberriaren lehen bost urteetan ardurapeko seme-alabak mantentzearekin eta zaintzearekin lotutako behar ekonomikoei erantzuten laguntzea. Hasierako proposamena 300 euroko laguntza ekonomikoa ematea izango litzateke, bizitzako lehen bost urteetan, familiaren errenta edozein delarik, eta betiere familiak Bergaran erroldatuta jarraitzen badu. Laguntza honekin bergarar familiei laguntzeaz gain, Bergarako merkatariei eta zerbitzuen sektoreari ere lagungarri izatea nahi dugu, eta, horregatik, Bergarako saltokietan eta zerbitzu-sektorean trukagarriak izan daitezkeen bonuen bidez gauzatuko litzateke proposamena.

Lehenengo blokearekin amaitzeko EAJren proposamena da hileta zibilak egiteko espazio bat sortzea; "Espazio hori sortzeaz gain, ezinbestekotzat jotzen dugu ekipamendu horretarako kokapena herritarrei irekitako prozesu parte-hartzaile baten bidez aukeratzea; kokalekua eta betebeharreko baldintzak zehaztu ahal izateko, 30.000 euroko partidarekin".

Bigarren blokeak, Hiri atsegina deritzonak, beste hiru puntu ditu. Lehenengoa, Masterreka Zubieta ardatzaren urbanizazio plangintzari dagokio. "Zubietako urbanizazioaren aurrekontu-partida 200.000 eurokoa da, eta argi eta garbi, ez da nahikoa auzoa osorik berritzeko; horregatik EAJ Udal-taldeak uste du berrizte lan hau ezin zaiola zati batekin bakarrik aurre egin. Horregatik Masterrekatik hasi eta Zubieta kalearen amaieraraino berrurbanizazio osoa egitea proposatzen da, gutxi gorabehera 1,8 m euroko balioarekin, eta, horretarako, hainbat urteetarako partida bat gaitzen da, jarduketa hori bere osotasunean egin ahal izateko".

Ezkerretik hasita, Maite Agirre, Elena Lete eta Angel Murgiondo, gaur.

Seminarioko lurpeko aparkalekua mantentzea

EAJren beste proposamen bat da lurpeko aparkalekua mantentzea: "EH Bilduren gobernuak, legegintzaldiaren hasieran, Seminarioko lurpeko aparkalekua gauzatzeari buruzko erabakirik hartu aurretik, mugikortasun-plana garatzearen aldeko apustua egin zuen, plan hori oraindik gauzatu ez denez, proiektu hori ekonomikoki hornitzen jarraitzea proposatzen dugu, ez dugu ulertzen aparkalekuko partida; horretarako, lurpeko aparkalekuaren partida mantentzea eskatzen dugu, ekarpen nahikoa egitea KPIaren igoera kontuan izanda, proiektuaren exekuziorako".

Bestalde, Bergara Guau elkartearen aldarrikapenak ere jaso dituzte proposamenen artean: "Maskotentzat gune berdeak sortzeko, aisialdirako guneak behar ditugu. Horretarako, 2018ko ideia-proiektuan finalista izan zen Goiko Estazioa proiektua gauzatzea proposatzen da, eta proiektuaren garapenean etapa-plan bat egitea, hau da, aisialdirako guneen eskaerari erantzuteko plan orokor bat egitea. Halaber, antzeko azpiegitura periferikoak egiteko aukera ikusten dugu trenbideko gune berdean, Ernai kalean eta Miguel Altunara sartzeko bidegorriaren ondoan". Horretarako 195.000 euroko partida bideratzea proposatzen dute.

Ondareari buruzko beste hiru proposamen

Azken blokerako gorde dituzten hiru proposamenak dira herriko hainbat zubitan argiztapena jartzea, zirkuitu turistikoa egitea San Pedroko gangen gainean eta egungo negozioen belaunaldi-transmisioan laguntzea: 2018an Zubietako zubian egin zen bezala, Santa Marinako zubia eta Ortuibarreko zubia, argiztatzea proposatzen dugu, oso eremu erabilia baita, balio historiko eta ondare handikoa, eta indartu eta errebalorizatu egin behar dela uste dugu". Horretarako, 50.000 euroko partida proposatzen dute.

Bestalde, EAJrendako turismoa sustatzeko lagungarri izan daiteke San Pedroko gangak egokitu eta bisitagarri jartzea: "Bergarako ezkutuko harribitxi bat dira. Jarduera horiek gure ondarearen balioa handitzeaz gain, oso interesgarriak diren turismo-aktibo berriak sortzen dituzte". Eta, horretarako 60.000 euroko partida proposatzen dute. Amaitzeko, "80.000euroko partida proposatzen dugu, negozioen transmisioan laguntzeko eta eskakizun berrietara egokitzeko neurriak sortzeko".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak