Labegaraietako kiroldegi berritua, 2021eko urtarrilerako gertu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urt. 24a, 13:27

Labegaraietako kiroldegia berritzeko lehen faseko lanak "martxa onean" doaz eta kiroldegia barrutik ia guztiz eraldatuko duen bigarren fasea 2020ko maiatzean hastea espero du Bergarako Udalak. Dena ondo bidean, lan guztiak 2021eko urtarrilerako bukatuko lirateke.

Labegaraietako kiroldegia berritzeko lehen faseko lanak martxa onean doaz. Betiko eraikinari konektatuta egongo den eraikin berria aurreikusitako epeen barruan ari dira altxatzen, eta eraikin horretan joango dira Beti Busti taldekoen piraguendako biltegia eta tailer txiki bat, aldagela nagusiak eta makinendako gela txiki bat.

Lehen fasea exekuzio epean egonda, Udala jarrita dago kiroldegi barruan eraldaketa nabarmena eragingo duen bigarren fasera begira. Pleguak ia bukatuta dituzte eta hurrengo astean egingo den batzordean onartuko dira. Kontratazio prozesua martxan jarriko da orduan eta asmoa da lanekin maiatzean hastea. 

Kiroldegia barrutik ia guztiz eraldatuko dute

Esandako moduan, bigarren fasean ia guztiz eraldatuko dute kiroldegia barrutik. Sarrera aldatuko dute; taberna leku berean joango da baina beste orientazio batekin; sarreraren eskuinaldean igogailu bat eta eskailera berri batzuk egokituko dira kiroldegi osoan irisgarritasuna bermatzeko; goiko pisuan auzotarrendako eta klubendako espazio bat jarriko dute; kantxa guztiz berrituko da, lurra, gortina eta argiteria berriarekin; eta herriko eskalatzaileen aspaldiko eskaera bati erantzunez rokodromo berria itxita joango da. Horrez gain, gimnasio txiki bat eta biltegi berri batzuk ere egokituko dituzte.

2020-2021 denboraldiaren hasiera, "mugitua"

Bigarren faseko lanek nahitaez eragozpenak eragingo dizkie kiroldegia erabiltzen duten klubei eta aste honetan bertan egin du Udaleko Kirol Zerbitzuak bilera klub horiekin guztiekin. Hain zuzen ere, Udala hasita dago harremanetan inguruko herrietako kirol zerbitzuekin, hango instalazioak erabiltzeko aukera nola dagoen aztertzeko.  

Labegaraietako kiroldegia berritzeko proiektu osoaren kostua da ia milioi bat eta erdikoa eta Gipuzkoako Diputazioak ia 600.000 euroko diru-laguntza bideratu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak