ALBISTEAK

DKS bigarren edizioa Bergaran izango da

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urt. 8a, 13:47

Urtarrilaren 28an banatuko dituzte Debagoieneko Kirol Sariak, eta aurtengoa, bigarren edizioa izango da. Bergaran, Seminarixoan egingo da sari banaketa, 19:00etan, eta egitasmoaren berri eman dute goizean egindako prentsaurrekoan batu diren Xabier Urtzelai Goienako kazetariak, Gorka Artola Bergarako alkateak, Garazi Larrea Mankomunitateko Kiroletako Zuzendariak eta Aitziber Muñoz Arrasateko Udaleko kirol teknikariak.

Debagoieneko Kirol Sariak iaz errekuperatu zituzten, eta ekitaldi arrakastatsua izanda, iazko bideari jarraituz, eta hastapeneko helburuak ardatz, bailarako kirol esparruan lanean diharduten pertsona eta erakundeak saritzea eta errekonozitzea publikoki dela egitasmo honen asmoa adierazi du Garazi Larrea Mankumunitateko Kiroletako Zuzendariak: "Iaz berreskuratutako ekitaldia da, jarraipen bat emateko helburuarekin egin zen, eta aurten Bergaran egingo da. Hala, Debagoieneko pertsonak nabarmenduko ditugu, egindako lorpen edo lanagatik…".

Bigarren edizioa, Bergaran

DKS Mankomunitatearen ekimenez, eta Udal guztien babesarekin antolatu da, eta antolakuntza lanetan, Goiena Komunikazio Taldea ari da. Debagoieneko Udal bakoitzak herriko kirol talde, kirolari edo eragile bat sarituko du. Udalen ardura izango da saritu hori aukeratzea. Ordea, sari nagusietarako bai, kirol teknikariz eta hainbat komunikabidetako kazetariz osatutako epaimahaia eratu dute, bost lagun guztira, eta erabakita daude. 

Bigarren edizioa Bergaran egitearekin "pozik" agertu da Gorka Artola Bergarako alkatea: "Bergaran egiteko gonbidapena oso gogo onez jaso genuen, eta ekitaldi ederra izatea gura dugu. 2019an nabarmendu diren kirolariak saritzeaz gain, kirolaren inguruan lan egiten duten boluntarioak, elkarteak eta eragileak… aitortzeko eguna izango da".

Hamar hautagaiak aurkeztu dituzte

Iaz moduan, gaur egindako prentsaurrekoan 2019ko kirolaririk onenari saria, 2019ko kirol talderik onenari saria, sari berezia eta kirol ibilbidearen saria emango dutela adierazi dute. Ahaztu barik, Herritarren Saria egongo dela. Debagoieneko kazetariz eta kirol teknikariz osatutako epaimahaiak honako hamar hautagaiak aukeratu ditu: 

Aitor Ugarte, Oihana Kortazar, Aitor Zabaleta, Oihana Aldai, Beñat Rezusta, Uxue Oses eta Maddalen Etxegarai, Garazi Estebez, Mikel Aristi, Maialen Axpe eta Mikel Linazisoro dira Herritarren Sarirako hamar hautagaiak.

"Gustura geratu gara Herritarren Sarirako aukeratutako kirolarien artean gizonezkoak eta emakumezkoak daudelako. Horrekin batera, ia herri guztiak ordezkatuta daude, eta kirol modalitate ezberdinetako lagunak aukeratu ditugu, gainera. Iaz, 1.886 debagoiendarrek eman zuten botoa Herritarren Saria erabakitzeko orduan; Martin Perez izan zen irabazlea, eta aurten ere aurreikuspen onak ditugu…", adierazi du Xabier Urtzelai Goiena Komunikazio Taldeko kazetariak.

Herritarren Saria erabakitzeko eman daiteke dagoeneko botoa, hemen eman daiteke botoa, eta urtarrilaren 23ra arte eman izango dute herritarrek horretarako aukera.

Aforo arrazoiak tarteko, urtarrilaren 28ko ekitaldia Seminarixoan zuzenean jarraitzeko ikusleek gonbidapen pertsonalizatua jasoko dute. Baina, Goiena.eus atarian eta Goiena telebistan zuzenean eskainiko da ekitaldia.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak