Serafin Esnaolaren begirada pelikularen sorrera eta ekoizpena elkarlanaren adibide garbia dira. Hain zuzen, gaiaz arduratu den zinegotzi Ekaitz Aranberrik horixe nabarmendu zuen eguazten iluntzeko agerraldian: "Albiste onak ematera gatoz. Batetik, gure ondarea berreskuratu eta balioan jartzeko ekimen baten berri ematera gatozelako; eta, bestetik, gaur azalduko direnak bide berri batzuen hazia direlako; honako proiektuak herritarren ekimena direlako, elkarlanaren fruitu".
Esker on hitzak izan zituen Aranberrik: "Eskerrak eman nahi dizkiegu Proiektors ekimena, Miguel Angel Elkoroberezibar eta Asier Altuna Kixi-k osatu duten lantaldeari On Serafin Esnaola zenaren hainbat grabazio gorde, berreskuratu, atondu eta jendaurrera ekartzeagatik. Eskerrik asko baita ere Seminarixoa aretoko zineklubaren ardura hartu duen ZinemaOn herritar taldeari ere".