25.251.152 eurokoa da aurrekontu proposamena, iazkoa baino %5,17 altuagoa; bi motibo nagusi daude igoera horretarako: foru fondotik jasotako dirua igo egingo dela eta Labegaraietako kiroldegia berritzeko Diputaziotik 600.000 euroko laguntza jasoko dutelako. Inbertsioetara 4.082.198 euro joango dira; eta horri gehituko zaizkio gerakinetik bideratuko dena.
Udal Gobernuaren esanetan bi abiaduratako aurrekontuak dira: epe ertain-luzera bergararron bizi kalitatea hobetuko dutenak batetik; eta egunerokoari erantzuna emango diotenak bestetik.
Hainbat plan garatzeko asmoa
Udalaren eta udalerriaren norabidea markatzen ari diren hainbat hausnarketa martxan daude: Mugikortasun Plana, Merkataritza sustatzeko PERCO programa eta Ikerketa sozioekonomikoa. Horrez gain, abiatzekotan daude Plan Estrategikoa eta baita Enplegua sustatzeko plana ere.
Proiektu eta inbertsio aipagarrienak
Labegaraieta kiroldegia berritzea: "Asko dira azpiegitura hau erabiltzen duten klubak eta herritarrak. Egokitze proiektu hau beharrezkoa da, eta horri esker asko hobetuko da Labegaraietako kirol zerbitzuaren kalitatea". Lan horien aurrekontua da 1.647.860 eurokoa.
Zubieta berriro urbanizatzea: "Berritze premia duen ingurua da Zubieta, Bergarako sarrera den ardatz hau. 2020an, aurretik idatzitako proiektua auzotarrekin landuko da, azken ukituak eman eta berorren lehen fasea aurrera eramateko urtea izango da 2020a. 200.000 euroko partida onartu da horretarako eta Gerakinekin lagunduta osatuko da lehen faseak duen 1.100.000 euroko aurrekontua.
Berdintasuna: "Indartu beharreko alorra da Berdintasuna eta bada Udalaren apustua. Jardunaldi erdiko langile azpikontratatua izatetik jardun osoko udal langilera pasako da, Berdintasun teknikari figura egonkortu eta alorraren eragina biderkatzeko. Era berean, alor honetako jarduera eta ekintzetarako partida %50a handituko da; eta Berdintasuneko diagnostikoa ere egingo da".
Sustapen ekonomikoa eta turismoa: "Dagoeneko martxan dagoen merkataritza sustatzeko PERCOrako eta laster martxan jarriko den Enplegua Sustatzeko Planerako 100.000 euroko baliabideak aurreikusi dira. Horretaz gain, sustapen ekonomikoan 150.000 euro inbertituko dira. Bestalde, turismoari dagokionez, Bergarak duen potentzialitatea eta baliabideak nabarmentzeko Turismo Plana egingo da".
Alokairuak: "Herrian alokairu eskaintza gabezia ikusita eta etxe huts kopuru handia ikusita, honek merkaturatzen errazteko programa abian jarriko da 50.000 euroko partidarekin".
Urtarrilean onartzeko asmoa
Oposizioari joan den astean aurkeztu zioten proposamena eta Udal Gobernuaren asmoa da urtarril erdialdean ezohiko bilkura bat deitzea 2020ko udal aurrekontua onartzeko.