Klima aldaketaren gainean hausnartzeko tartea hartu du EAJk Bergaran

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 30a, 15:52

Klima aldaketa mundu mailako erronkarik garrantzitsuena dela jakinik EAJk horren gaineko hausnarketak abiarazi ditu. Bergaran elkartu dira gaur Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola eta Ingurumen ekonomian aditua den Alexander Boto,  Maria Eugenia Arrizabalaga EBBko Ingurumen arduradunarekin batera.

Aurreko astean Durangon egindako legez, oraingoan Bergaran elkartu dira klima aldaketa hizpide hartuta. Entzuteko eta lanerako gogotsu gerturatu dira UNEDera 60 bat lagun. "Pil-pilean dagoen gaia da, eta, mundu mailan, planeta osoak dugun erronka nagusiena. Nola egin aurre da kontua", adierazi du Maria Eugenia Arrizabalagak EBBko Ingurumen arduradunak. Euskal erakundeak urte askoan dabiltzala horren bueltan lanean gaineratu du: "Alderdi mailan ere hausnarketa partekatua landu gura izan dugu. Helburu nagusia da, orain bai kargu publikoak, bai alderdi barruko karguen arteko hausnarketa partekatua egitea".

Gaiak duen garrantziaren jabe egiteko ordua dela ere aipatu du: "Erakundeen lana ezinbestekoa da, politika askotan aldatu beharra dago paradigma, baina gutako bakoitzak kontzientzia hartzea eta ohiturak aldatzea ere badakar; eta horrela, eragile politikoei erantzukizunak eskatzeko indar gehiago lortzea". 

Energia garbiagoa 

Iñigo Ansolak, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, EAEko energia politikaren ikuspegi estrategikoaren gainean jardun du elkartutakoekin, oraingo egoeraren eta 2030erako orientabide eta helburuen gainean ere egin du berba. "Energia arloan gero eta eraginkorragoak izan behar dugu, gauza bera egiteko energia gutxiago erabili. Horrekin batera, gero eta energia garbiagoa behar da, ahalik eta teknologia garbiena erabiliz sortutakoa". Eta hain zuzen Europak dituen erronkak bertsuak direla aipatu du: "Zelan lortu gero eta isurketa gutxiago, sortzen dugun energia gutxitu, eta era berean, gero eta garbiagoa izan hori, energia berriztagarriak erabilita". Horretarako erakunde pribatuak zein publikoak eskutik doazela gaineratu du.

Ansolarekin eta Alexander Boto Ingurumen ekonomian adituarekin hausnarrean jardun dute ondoren Bergaran elkartutakoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak