Osintxuko Herri Eskolak umeak behar ditu zabalik mantentzeko eta auzotarrentzat "ezinbestekoa" da eskola bizirik mantentzea nortasun propioa duen auzoaren biziraupenerako. Azken urteetan guraso gazte batzuk etorri izanak itxaropena piztu du Osintxuko Herri Batzarrean, baina 2020-2021 ikasturte begira ume gehiago beharko dituzte bai ala bai.
Nazionalak, Ikastola eta eskola
Osintxuko eskola nazionala zenean, 14 urtera arteko eskaintza zuen. Ikastola sortu zenean, bertako parte moduan funtzionatu zuen hainbat urtez, Ikastolak ezin mantendu eta 1994an itxi zuen arte. Lau urtez itxita egon ostean, 1998an, guraso talde bat elkartu eta San Martin Agirre eskolarekin adostu zuten ateak berriro zabaltzea; ordutik, Osintxuko Herri Eskola San Martin eskolaren gela desplazatu bat da. 20 urte luze pasatu dira, eta urteen poderioz gainbeheran joan da ikasle kopurua; 2019-2020 ikasturtea lau umerekin abiatu dute.
Ponportola guraso taldea: "Bergaran jende askok ez daki Osintxun eskola dagoela eta gurasook eskola horretarako proiektu bat idazten ari garela"
Osintxuko eskola zabalik mantendu nahi duen Ponportola guraso taldea kezkatuta dago ume barik geratuz gero eskola itxi egin beharko dutelako. Osintxuko Herri Eskola bera ezagutzera ematea ari da izaten haien lehen eginbeharra: "Bergaran jende askok ez daki Osintxun eskola dagoela eta gurasook eskola horretarako proiektu bat idazten ari garela. Guraso izan berri diren bergararrek, soraluzetarrek edota inguruko herrietakoek aukera hau badagoela jakin dezatela, gutxienez".
Euren eskaerak ezagutzera emateko San Martin jaietako azokan postu txiki bat jarri zuten eta domeka honetan bigarren eskuko azoka bat egingo dute Osintxuko plazan, 11:00etatik 14:00etara, euren helburuari begira dirua batzeko. "Ikasturte honetan beste ekitaldi batzuk antolatuko ditugu, hurrengo ikasturtean eskola ixteko arrisku handia dago eta".
San Martin eskolaren babesa dute
San Martin Agirre eskolak, oraingoz, ez die oztoporik jarriko: "Eskola zabalik mantentzeko garatuko ditugun ekimenak babestu egingo dituztela esan digute, ez dutela oztoporik jarriko. Eta hori ez da gutxi...".