1953an egin zen lehenengoz, eta, 66 urte pasata, 2019ko azaroaren 30ean, eguerdian, errepikatu egingo dute. Berriatuan (Bizkaia) izan zen, ziklista baten eta zaldun baten arteko desafioa. "Ikuskizun handia izan zen. Oskar Elgezabal txirrindularia eta Angel Arriola zalduna nor baino nor gehiago; Aita Kurutz ermitaren ate parean hasi eta San Juan ermitaren ate pareraino 330 metroko lasterketa egin zuten. Orain, ikuskizuna errepikatuko dugu protagonista berriekin", adierazi du desafioaren antolatzaile Ander Txakartegik.
Desafioaren baldintzak duela 66 urteko berberak izango dira: 330 metroko esprinta 1953ko leku berean, ia erabat laua den errepide tarte baten.
Erkiaga eta Lanbro-ren kontra
Desafioaren baldintzak duela 66 urteko berberak izango dira: 330 metroko esprinta 1953ko leku berean, ia erabat laua den errepide tarte batean. Protagonista berriak izango dira Bakene Erkiaga zaldun gaztea eta Lanbro zaldia, batetik, eta Mikel Aristi ziklista bergararra, bestetik. "Niri eskatu zidaten ziklista topatzea, eta Markel Irizarrengan pentsatu genuen lehendabizi. Izan ere, desafioa irailean egin nahi genuen hasieran, eta, Markel erretiratu berri zenez, omenalditxo moduan eskaini nahi genion. Gainera, beste ziklistak denboraldi betean zeuden eta oso zaila izango zen horietako batek parte hartzea. Denboraz oso justu genbiltzan eta, ganoraz egitearren eta azaroaren 30ean Berriatuan Erroak loran jaia ospatzen dugunez, atzeratzea erabaki genuen", argitu du Txakartegik.
Euskal txirrindularien artean gaur egungo azkarrenen artean dago Aristi eta horregatik egin zioten proposamena bergararrari: "Pozarren gaude, ilusioz onartu zuelako".
Aristi: "Aukerak ditut irabazteko"
Antolatzaileek argi utzi dute "ohorea eta giro ona" egongo direla jokoan. Ikusminik ez zaio faltako desafioari; Berriatuko jendeaz gain, ziur Bergarako eta bailarako herritar asko joango direla ikuskizunaz bertatik bertara gozatzeko asmoz.
Mikel Aristi: "Geldi egotetik irtengo gara eta esprint moduan luze samarra izango da, baina aukerak izango ditut irabazteko. Oso gogotsu nago eta sasoiko helduko naizela uste dut; onenak irabaz dezala".
Aristirekin asteon egon da GOIENA: "Nire lehen esperientzia izango da halako desafio batean; erabat berria izango zait lasterketa, eta ez dakit neurtzen. Geldi egotetik irtengo gara eta esprint moduan luze samarra izango da, baina uste dut aukerak izango ditudala irabazteko. Oso gogotsu nago eta sasoiko helduko naizela uste dut; onenak irabaz dezala".