Euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko, Kalera Eguna egingo dute lehenbiziko aldiz

Maialen Santos 2019ko aza. 12a, 11:52

Euskal preso eta iheslariak espetxetatik kalera ateratzea eskatzeko, Kalera Eguna antolatu dute Bergaran lehenbiziko aldiz, datorren azaroaren 23rako. Arratsaldetik hasita, egitarau oparoa antolatu dute. 

Aldarrikapen politiko eta sozialak lortzeko herri mobilizazio "indartsu" eta "iraunkorra" beharrezkoa dela iritzita, aldarrikapenak eta jaia uztartuz kalera atera nahi dute Bergarako herria, Maren Belastegi eguneko antolatzaileetako batek adierazi moduan.

Aldarrikapenak egiteko eguna izango da: "Herri oso bat kalera irteteko eguna izango da. Presoak, iheslariak, bidean eroritakoak eta beraien familiak goxo eta bero babestuko ditugu." Gaineratu duenez, "ozen" egingo dituzte aldarrikapenak, eta dantza eta kantuz beteko dituzte herriko kaleak. 

Egitaraua, arratsaldetik hasita

Egitarau oparoa antolatu dute egun horretarako herriko kultur talde ezberdinekin elkarlanean.

Lehenik, 18:30ean Manifesta eigngo dute; manifestazioa eta festa uztartuko dituen ekintza. Herriko zenbait musikari manifestazioaren aurretik, kamioi batean, joango dira musika jotzen. Eguneko antolakuntzan diharduen Ibai Redondoren aburuz, "Bergarar guztiak gustora eta kalean aritzeko modu on bat dela uste dugu". Mobilizarioari epaitegian emango diote amaiera, eta mezu irmo bat helaraziko dute unea aprobetxatuz: "Injustiziak behingoz amaitzea, eta estatu faxista honek preso eta iheslarien eskubideak bete ditzala eskatuko dugu", argitu du antolatzaileak. Horretaz gain, preso iheslari eta deportatuak kalera irtetzeko "bidea" egin behar dela ere ekarriko dute gogora. 

Manifesta amaitu ostean gaztetxean ekitaldia egingo dute, eta antolakuntzatik adierazi dutenez, laburra baina "potentea" izango da. Ikus-entzunezkoak ikusteko aukera izango da bertan, eta herriko musikariek ere hartuko dute parte ekitaldian. Hain zuzen, kontzertu labur bat eskainiko baitute. 

Azkenik, Kaleko Urdangak taldearen emanaldiarekin emango diote amaiera Kalera Egunari, eta Tximeleta taldeak ere eskainiko du kontzertua -22:30ean hasiko dira hauek-. Sarrerak arratsaldean bertan jarriko dituzte salgai gaztetxean, bost eurotan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak