Denetariko gaiak aukeratu zituzten zortzi hizlariek, asko, fisiologiarekin lotutakoak: obulazioaren gorabeherez aritu zen Idoia Torregarai Martija umoregilea; digestioa eta haren emaitzaren gainean Koldo Garcia Etxebarria genetikaria; eta ipurdiaz Josu Lezameta Larrabeiti irakaslea.
Itxuraz serioagoak diren gaiekin ere algaraka jarri zuten bildutako publikoa Josu Lopez Gazpio kimikariak eta Lorea Arakistain Aizpiri komunikatzaileak. Heriotzaren kimikaz eta teknologia berrienez hitz egin zuten, hurrenez hurren.
Nobel sari dibertigarrienak ─Ig Nobelak─, eta artista begano baten abentura tristeak izan zituzten hizpide Nagore Elu Arantzamendi biokimikariak eta Oskar Gonzalez Mendia kimikariak.
Aranzadi ikastolako Jone Moñux izan zen protagonistetako bat
Bukatzeko, distira bereziz argitu zuen Seminarixoa Aranzadi ikastolako ikasle Jone Monux Garciak: astronauta jantzita, Pirritx, Porrotx eta Marimotots estratosferara bidaltzeko misioa azaldu zuen.
Mirari Martiarena Iraola izan zen aurkezlea, eta txalo-zaparrada beroarekin amaitu zen ordubete pasatxo iraun zuen ekitaldia. Elhuyarrek zientzia gizartera hurbiltzeko asmoz antolatutako ekitaldia da Wolfram Deuna, Bergarako Udalaren eta Laboratorium museoaren laguntzarekin, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astearen barruan.