Urriaren 28tik azaroaren 10era, zientzia eta berrikuntza jardunaldiak Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko urr. 24a, 11:53

Zientzia, teknologia eta berrikuntza esparru guztietara gizarteratu eta sustatzea helburu duten zientzia eta berrikuntza jardunaldiak aurkeztu dituzte Bergaran. Urriaren 28tik azaroaren 10era bitartean, erakusketak, hitzaldiak, lehiaketak, ikastaroak eta ikuskizunak izango dira. Ekintzetan izena emateko Laboratoriumera deitu beharra dago: 943 76 90 03.

Atzoko agerraldian azaldu zutenez, urte askotako eskarmentua dago Bergaran jardunaldi horiek antolatzen, eta urtez urte ekintza bereziagoak eta aurrerakoiagoak gehitzen doaz. Era berean, gero eta eragile gehiago batzen ditu Bergaran bertan ospatu eta oihartzuna hemendik kanpo ere izaten duen jardunaldiak. Aurten, esaterako, 25 eragile aritu dira Udalarekin elkarlanean.

Nobel sariaren bisita gogora ekarri dute

Jardunaldien programa nagusia urriaren 28tik azaroaren 10era bitartean gauzatuko bada ere, antolatzaileek nabarmendu dute Taula Periodikoaren urtearekin lotuta urriaren 1ean Passion for Wolframium ekitaldia antolatu zutela, eta bertan izan zituztela Dudley Hersbach nobel saria eta Maria Vallet aditua. "Luxuzko adituak eta oso gertukoak gainera, hala aritu baitziren ikasleekin eta gerturatutako guztiekin".

Taula periodikoaren urtea

Taula Periodikoak leku nabarmena du egitarauan: horregatik, Elementu Kimikoen Taula Periodikoari buruzko erakusketa eta unitate didaktikoa prestatu dituzte Laboratoriumen. Inaugurazioa azaroaren 8an izango da.

Eta wolframak leku gehiago izango du programan: esaterako, Pascual Roman Polok azalduko du Elementuen Taula Periodikoaren mitologia, kultura eta artea, besteak beste.

Cesar Fernandez Quintanilla Gallastegik hobekuntza genetikoan lan handia egindako Cruz Gallastegiren ibilbidea azalduko du; emakume zientzialariak bistaratzeko lehiaketa antolatu dute; itsasoko plastikoei buruzko berbaldia ere izango da; Ricardo Hueso planeten bilatzeari buruz arituko da; eta Bergaran Artea eta Zientzia uztartuz izeneko tailerraren laugarren edizioa egingo dituzte, besteak beste.

Wolfram Deunak ere ez du hutsik egingo: Elhuyarren eskutik, zientziaz arituko dira, umore ukitu nabarmenaz.

Urtero bezala, programak adar asko izango ditu eta herritar soil, zientzia-zale zein bestelakoez gain, enpresa eta merkataritzako sektorera eta gazteagoetara ere zuzenduta dago.

Emakumearen presentzia indartu dute

Irailetik hasita ikastetxeekin tailerrak eta topaketak lantzen ari dira, baina programaren gehiengoa orain hasiko da. Aipamen berezi bat merezi du, antolatzaileen arabera, emakume zientzialarien lehiaketaz gain, Silvia Ayerrak gidatuko duen Kontatu gabeko emakumeak Artearen historian saioa. Aurtengo berezitasunetako bat da wolframarekin lan egiten duten Bergarako hiru enpresak (TTT, Metagra eta Gurea) solasaldia egingo dutela; eta, gainera, aurtengo pieza gonbidatua hiru enpresa horiek ekoiztutakoa da. Merkataritza eta sektoreko profesionalei zuzenduta, Maria Victoria Valdiviesok Progamazio Neurolinguistikoa landuko du; eta aurten ere barnetegi teknologikoa egingo da datuen kudeaketari buruzkoa. Baita ere, ekonomia zirkularren gaineko hitzaldi bat ere.

Eta adinez edo zaletasunez behera eginez gero, bereziak izango dira aurten Zabalotegi aretoan eta egun bakarrean ospatuko den Wolfram Encounter bideo jokoen lehiaketa; eta txikienendako Dinosauroetatik hegaztietara erakusketa, besteak beste

"Adin, zaletasun eta maila guztietarako ekintzak daude. Espero dugu aurten ere jende askok gozatzea. Ekimen berritzaileen laborategi-probaleku edo topagune izan nahi duen egitasmoa da, eragile parte hartzaile hurbilen lankidetzarekin", adierazi dute.

ZTBergara.eus webgunean daude zehaztasun guztiak. Ekintza zehatzetan izena eman nahi dutenek Laboratorium museoaren bitartez egin beharko dira: 943 769003.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak