ALBISTEAK

Mertxe Aizpurua: "EH Bilduk erabakitzeko eskubidea defendatuko du Madrilen"

Miren Arregi Amasorrain 2019ko aza. 3a, 19:58

Gipuzkoako zerrendaburuak Bergaran adierazi du, erabakitzeko eskubidearen defentsan EH Bildu dela bermea. Gainera ez da Podemosekin fio, "eskubide hori defendatzetik berau praktikan jartzea korapilatsua dela esatera pasatu baitira".

Gipuzkoako zerrendaburu Mertxe Aizpuruak Debagoieneko herrietako EH Bilduko ordezkariak eta Gasteizko Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriarte izan ditu babesa ematen.

Erabakitzeko eskubidea

Gipuzkoako zerrendaburuak "erabakitzeko eskubide demokratikoa Madrilen defendatzeko konpromisoa" hartu du, "Bartzelonako adierazpena izenpetu zuten Estatuko herrietako gainontzeko subiranistekin batera". Puntu honetan, Podemosi eskatu dio, alderdiaren posizioa argitu dezala: "Podemosen zein bertsiorekin geratu behar gara? Sorrerakoarekin edo Roberto Uriarte bere hautagaiak berriki esan duenarekin, erabakitzeko eskubidea praktikan jartzea korapilatsua dela gurea bezalako gizarte anitz baten?".

Mertxe Aizpuruak, bestalde, ohoretzat jo du La Llotja de Mar-ko adierazpenaren sinatze ekitaldian EH Bildu ordezkatu izana eta azpimarratu du, bertan jasotako gutxieneko programa izango dela Madrilen egingo duten jardunaren ardatza, hots, "autodeterminazio eskubidearen defentsa, preso politikoen askatasuna aldarrikatzea eta politika sozial aurrerakoiak bultzatzea".

Autodeterminazio eskubidearen ideian sakondu du Aizpuruak esanez, "autodeterminazio eskubidea dela gure herriak demokratizatzeko tresna eraginkorrena". Ildo horretatik, Eskozian eta Quebec-en burututako prozesuak aipatu ditu: "Eskoziak eta Quebec-ek egin badute, zergatik ezin dugu egin Euskal Herriak eta Kataluniak?". Galdera horren erantzuna argia da EH Bilduko hautagaiarendako: "Espainiako Estatuak ez dauka zerikusirik Erresuma Batua eta Kanada bezalako herrialde aurreratuekin. Ez digu erabakitzen uzten eta horretarako gelditzen zaion tresna bakarra erabiltzen du: indarra eta errepresioa, justizia estamentuak baliatuta".

Botoa emateko gonbita

Mertxe Aizpuruarekin batera aritu da gaur Bergaran Maddalen Iriarte ere. Gasteizko Legebiltzarreko bozeramaileak boto ematera dei egin die ezkerreko abertzale eta subiranista guztiei: "Ezin gara despistatu, datorren igandean boto abertzale, subiranista eta ezkertiar bat bera ere ezin da etxean geratu". Gaineratu du, "herri honen izaera ondo baino hobeto ordezkatzen duten bi pertsona Madrilera bidali ala ez dago jokoan; Bel Pozueta eta Iñaki Ruiz de Pinedo Madrilera eramatea lortu behar dugu eta lortuko dugu".

Gogorarazi du, gainera, apirileko hauteskundeetan "euskal gizarteak lezioa eman zuela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Espainiako eskuina ordezkaririk gabe utzita". Orain gauza bera egitea albiste bikaina litzatekeela esanaz bukatu du.

Erlazionatuak

EH Bilduren ekitaldia Bergaran

Miren Arregi Amasorrain 2019 aza 03 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak