Bergarako Udalak, Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroko zuzendari Josune Irazabalekin batera aurkeztu ditu lanak eta aurkezpenean azaldu bezala, lanek 235.889 euroko aurrekontua dute, Asfaltos y Construcciones Morga enpresak egingo ditu eta hiru hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da.
Gorka Artola, alkateak "Mugikortasunari dagokionez, zentrora doan bidea erraztea eta modu egokian izatea garrantzitsua da" adierazi du. Bestalde, Josune Irazabalek "zentroa erdigunetik atera dugu, baina guretzat garrantzitsua da herriarekiko gertutasuna mantentzea. Horrez gain, bide hau bizikletaz, oinez edota patinetez datozen ikasleentzat oso erabilgarria izango da" aipatu du.
Oinezko bidearen ezaugarriak
Lanak Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroaren eta Gabiriagañekoa baserriaren partzelen artean egingo dira, %6ko malda izango duen 203 metroko arrapala egingo baita. Horrez gain, arrapala horrek 2,5 metroko zabalera izango du eta baita, 12 zentimetroko lodiera duen hormigoizko harlauza ere. Gainera, Joseba Aizpurua, hirigintza teknikariak aipatu du, "bidea argiztatuta egongo da, 1o luminariekin eta herritarren segurtasuna bermatuko duten hesiak ere jarriko dira".