EH Bildu eta EAJ ados jarri dira 2020ko ordenantza fiskaletarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko urr. 22a, 13:31

2020ko Bergarako udal zerga eta tasetan, salbuespenak salbuespen, KPIren araberako igoera orokorra aplikatzea onartu zuen udalbatzak atzo ezohiko osoko bilkuran. Albiste nagusia izan zen, baina, EH Bildu eta EAJ ados jarri zirela aldez aurreko negoziazioetan eta jeltzaleek aldeko botoa eman zioten Udal Gobernuaren proposamenari.

Gobernuaren arabera, izaera progresiboa dute atzo onartu ziren ordenantza fiskalek. "Iaz EH Bilduk proposatu zituen progresibitatearen aldeko neurri batzuk indartzera datoz ordenantza fiskal hauek. Ez dira gobernuak nahiko lukeen bezain sozialak, baina sozialak izateko helburu horretan neurri berriak sortzeko erreminta faltan gaude. Seguruenik Ogasuneko batzordean landu beharreko kontuak direla; uste dugu diru sarreren araberako progresibitate bat aplikatu behar dela, ahalik eta ordenantza osatuenak izateko", deritzo Gorka Artola alkateak.

Adostasuna bi talde nagusien artean

Bergararrei zuzenean eragiten dieten zergok eta tasok, gainera, Udaleko bi talde nagusien oniritzia dute. Izan ere, atzoko bilkurako albiste nagusia izan zen EH Bildu eta EAJ ados jarri direla ordenantzak zehazterakoan. EAJk aldeko botoa eman zion Gobernuaren proposamenari, diotenez, iaz eurek proposatutakoen oso antzerakoak direlako baina agintean edo oposizioan egon, EH Bilduren jarrera oso ezberdina dela gaineratu zuen Elena Letek: "EAJren ordenantzak dira eta horregatik eman dugu aldeko bozka. EH Bilduk oso modu ezberdinean jokatzen du gobernuan edo oposizioan dagoenean".

Alderdi sozialista, berriz, abstenitu egin zen, eta Alberto Alonsok GOIENAri azaldu zion zergatik: "Kontinuistak badira ere, uste dugu ordenantza hauek hobetu zitezkeela, eta horregatik abstenitu gara. Bestalde, asko harritu gaitu EH Bildu oposizioan zegoenean ordenantzak eta beste hainbat gauza aldatzea behin eta berriz eskatu ostean, orain Gobernuan daudenean halakorik ez eskatzea. Konturatu dira agintean egoteak ez duela zerikusirik oposiziotik egin daitezkeen aldarrikapen sutsuekin".

Energia berriztagarriak eta irisgarritasuna

Ordenantza fiskalen aldaketei dagokienez, honako hauek nabarmendu ditu gobernuak, besteak beste: energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemak ezartzen dituzten etxebizitzentzat %50eko hobaria, ekonomia jardueren gaineko zergaren tipoa %0,4 igotzea eta irisgarritasun baldintza guztiak betetzen dituzten komunitateei %90eko hobaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak