43 obra daude ikusgai, guztira, artistaren omenez eginiko erakusketan. Margolanetako asko erretratuak dira, Moisesek berak gertuko jendeari eginikoak. Margolariaren anaia Joxe Mari Egurenek azaldu moduan, Moisesek pintura eskolak eman zituen gaztetan, eta beraz, ikasleek maisua "gogora ekarri" nahi izan dute erakusketa honen bitartez. Are, erakusten ez ezik, hil arte margotzen jardun zuela azaldu zuen; hain zuzen, amaren erretratu bat bukatu gabe utzi baitzuen.
Lan sakona
Ia bi urteko lana egin dute BEARTeko kide diren Xabier Agirre, Antton Arrillaga eta Jose Luis Azkaratek, eta denbora horretan guztian margolariaren 94 pieza aurkitu eta katalogatu dituzte -neurriak eta ezaugarri teknikoak kontuan hartuta-. Horietako "esanguratsuenak" bildu dituztela Aroztegin azpimarratu nahi izan zuen Agirrek, eta eskertuta azaldu zen jasotako laguntzagatik: "herritarren eta komunikabideen laguntzarik gabe ez litzateke posible izango erakusketa hau egitea, beraiek izan baitira margolanak aurkitzen lagundu gaituztenak". Margolan gehienak familiaren gertukoen etxeetan aurkitu dituzte.
Horrez gain, margolariak obrei ateratako argazki batzuk medio, badakite beste hamasei bat koadro ere margotu zituela; ez dakite, ordea, non egon daitezkeen. Oraindik horiek aurkitzeko "itxaropentsu" azaldu zen Agirre.
Familia, eskertuta
Joxe Mari Egurenek familiaren izenean eskerrak eman zizkien herritarrei, udalari eta BEARTeko kideei, anaia gogoan izateagatik. Bergarako alkate Gorka Artolak, bestalde, egindako lanagatik errekonozimendua eman zien obren identifikazio lanetan aritu direnei.