Bedelkar merkataritza elkarteak, Udalarekin elkarlanean, Pop Up azoka antolatu du urriaren 19rako eta 20rako. Zer den Pop Up azoka? Labur azalduta, denboraldiko produktu berriak aldi baterako azoka baten eskuragarri jartzea. 2016an, birritan egin zuten, San Martin plazako Biltoki denda ohian, eta aurten, bueltan datoz, baina Oxirondon egitea erabaki dute. Oxirondo leku oso aproposa dela uste dute eta espero dute bergararrek erantzungo dutela. "Leku egokia da sektoreen arteko sareak sustatzeko". Izan ere, Bedelkarko ordezkariek argi dute herriak halako ekitaldiak merezi dituela.
Pop Up azoka, sei orduz zabalik
Urriaren 19an, zapatua, 18:30etik 22:00etara egongo da zabalik Oxirondoko Pop Up azoka eta domekan, urriak 20, 11:30etik 14:00etara egongo dira. 18 postu izango dira guztira eta denboraldiko moda, oinetako, osagarri eta dekorazio produktuak izango dira protagonista.
Pintxo-potea eta zozketa
Pintxo-potea ere antolatu dute azokara gerturatzen diren herritarrentzako, eta, ekimena amaitu aurretik, asteburuan zehar Pop Up azokan erosketaren bat egiten duten herritarren artean 300 euro zozketatuko dira Udaleko bonutan. Gainera, aurreratu dute Oxirondoko azoka modu berezian argiztatuta eta apainduta egongo dela asteburuan. Helburua delako herriko sektore baten partetik jasotzen duten babesa eskertzea: "Ekimen hau bada modu bat negozioek herritarrek eskaintzen dieten fidelizazioa eskertzeko eta denboraldiko produktuak jendaurrean eskuragarri jartzeko", adierazi zuten Bedelkarko ordezkariek martitzen arratsaldean Oxirondon bertan egindako prentsa agerraldian.
Udalaren babes faltarik ez
Izan ere, ez dira betiko garai onenak tokiko merkataritzarentzat; gertutasuna, herriari bizitza ematen jarraitzea eta erosketak herrian bertan egitearekin sentsibilizatuta dagoen jendea ondo zaintzea dira Bedelkarren oinarriak, baina gaur egungo presidente Maitane Azkaratek uste du "pixkanaka eta, betiere, euren neurrian" Internet bidezko salmentarako urratsa eman beharko dutela. Pop Up azoka 2016an egin zen lehenengoz eta hiru urtetan ez dute antolatu, eta, ekimenak jarraikortasunik izango duen galdetuta, Azkaratek honako hau dio: "Beti ari gara ekitaldi berriak pentsatzen eta antolatzen eta aurten Pop Up azoka berreskuratzea erabaki dugu. Ikusiko dugu jarraituko duen, ea ze emaitza ematen dituen". Udalaren babesik, behintzat, ez zaie faltako. "Bergarako komertzioa herriko bizitzarako eta bertako ekonomiarako garrantzitsua den heinean, elkarlanean jarraituko dugu", adierazi du Sustapen Ekonomikorako zinegotzi Ainhoa Letek.