Gaur, Bergarako hitzaldien txanda izan da. Passion for Wolframium jardunaldia ospatu baitute. Bertan aritu dira Dudley Herschbach fisikari-kimikari estatubatuarra eta Maria Vallet-Regi ikertzaile espainiarra. Hitzaldiaren hasieran, Gorka Artola Bergarako alkateak eta Rosa Errazkin Laboratorium museoko zuzendariak eskerrak eman dizkie hizlariei Bergarara etorri izanagatik eta ohore bat dela adierazi die.
Miguel Etxenike zientzialaria eta Donostia Psychical Centerreko presidentea ere bertan izan da, jardunaldian, eta aurkezpen-lanak egiteaz eta hitzaldia gidatzeaz arduratu da.
Etxenikek, wolframioaren garrantzia azpimarratuz hasi du hitzaldia, eta euskaldunok wolframioa Bergaran isolatua izateagatik harro egon behar genukeela adierazi du. Jarraian, bi hizlariak diamante batzuk direla esanez aurkeztu ditu, "euren jakintzagatik eta egiten duten ikerketa lanagatik" hain zuzen.
Maria Vallet-Regi
Hitza hartzen lehena Maria Vallet-Regi izan da, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Biomaterial Adimendunen Ikertaldea gidatzen du eta hainbat estrategia ari dira garatzen hezurrei lotutako gaixotasunak sendatzeko, hala nola minbizia, osteoporosia eta inplanteetan sortutako infekzioak.
Dudley Herschbach
Dudley Herschbach Harvard Unibertsitateko irakasle eta Kimikako Nobel sariduna eta kultura zientifikoaren defendatzaile handia da. Hitzaldiak ematen ditu adin guztietako ikasleen aurrean, eta zientziaren eta aurkikuntzen aldeko grina transmititzen die.
Hitzaldiaren amaieran, gerturatutako Bigarren Hezkuntzako ikasleek, herritarrek eta hurbildu diren adituek, zientzialariekin solasaldian aritzeko aukera izan dute, beren galderak partekatuz. Azkenik, guztiek elkarrekin argazkia atera dute herriko plazan.