Bergarako Udalak gaztelekua berriro ere martxan jarriko du. Gaur, eguaztena, zabalduko ditu ateak; arduradunek gonbidapena luzatu diete gazte zein gurasoei gaztelekutik pasatu eta zerbitzua bertatik bertara ezagutzeko.
Udalaren apustua
"Nerabeak bizitzarako trebatzen dituen aisialdiko zerbitzua da, gazteen parte-hartzearekin eraikia, profesional hezitzaileen laguntzarekin eta nerabe guztiei zuzendutakoa", azaldu du Ekaitz Aranberri gaztedia zinegotziak. Gaineratu du Udalak apustua egin duela: "Aurreko garaiarekin alderatuta ordutegi zabalagoa izango du, eguaztenetik domekara egongo da zabalik; eta, gainera, apustua egin da langileen profila aldatzeko. Begirale izatetik hezitzaile izatera pasako dira. Guretako garrantzitsua da nerabeekin lan egitea eta arlo horretan indarrak jartzea".
Ordutegia
Gaztelekuaren ordutegia izango da: eguazten eta eguen, 17:00etatik 20:00etara; eta, barikutik domekara 17:00etatik 20:30era arte.
Gaztelekua erabiltzeko hara joan besterik ez da egin behar; ez da kuotarik ordaindu behar, ezta izenik eman behar ere.
Lau hezitzaile ibiliko dira lanean: Leire Agirre, Saioa Agirre, Markel Manuel eta Alvaro Fernandez. "Laurak bergararrak izatea, gertukoak izatea balore bat izango da gazteendako", dio Aranberrik.
Harremana da motorra
2011an zabaldu zuten Xabalote gaztelekua. Ordukoak zituen espazio berak ditu oraingoak ere: "Gune handia da, baina garrantzitsuena hezitzaile taldeak nerabeekin sortuko duten harremana da. Hori da hemengo motorra: harremanak landu, konfiantzazkoak bihurtu eta parte-hartze dinamikak sortu. Garrantzitsuena ez da lokala", nabarmendu du Gaztelekuko koordinatzaile Jon Ormaetxeak.
Hezitzaileen asmoa da zapatuan irekiera festa bat egitea.