Krisiaren ostean egoerak "nabarmen" okerrera egin duela diote: "Nabarmena da langileok pairatu dugun bizi baldintzen okertzea eta honen adibide garbi ditugu etxegabetzeak, langabezia, aldi baterako lan prekarioak... Gaur egun bizi dugun desoreka eta segurtasun ez honetan, gure defentsarako lubakiaren eraikuntzari ekin diogu. Lubakian antolatuko dugu gure defentsa eta elkar babestuko gara jasaten dugun eraso bakoitzaren aurrean".
Jardunaldi batzuk antolatu dituzte iraila eta urria bitartean eta jardunaldion helburu nagusia izango da eragile berria ezagutzera ematea: "Hasiera batean Bergara mailan antolatu gara, baina gure helburua bailara osora zabaltzea da. Aurten lan arloko, genero eta etxebizitza problematikak lantzeko lan ildoak jarriko ditugu martxan. Etorkizunean gai gehiago jorratzeko asmoa dugu, beti ere gure behar eta gaitasunen arabera. Gai konkretuak lantzeko dinamikak eta heziketa politikorako hitzaldi, mintegi eta mahai inguruak ere antolatuko ditugu".
Kapitalismoa, "arazo guztien atzetik"
Diotenez, Debagoienean badago egungo egoera iraultzeko borondatea duen jendea: "Sakabanatuta dauden indar guzti hauek modu eraginkorrean antolatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Saretzearen bidez, pixkanaka indarrak metatu eta borrokak bateratuz, gero eta helburu handiagoak lortzeko aukera daukagu. Nahiz eta gaur egungo egoeran langileok zapalkuntza ezberdin asko pairatzen ditugun, denek erro berdina daukate, sistema kapitalista. Zapalkuntza denak borrokatu eta gainditzeko sistemaren osotasunaren baitan aztertu eta ulertu behar ditugu. Gure praktika ere zentzu horretan ulertu behar dugu, horregatik klase batasuna dugu oinarri. Jasaten dugun eraso bakoitza, langile denon kontrako eraso bezala ulertzen dugunez, klase elkartasunez erantzungo dugu".
Parte hartzeko deia
Bukatzeko, aurkezpen jardunaldietan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dute. "Gure sare sozialetan aurkituko duzue ekintza denen inguruko informazioa eta harremanetan jartzeko bidea". Ekimenaren "aurkezpen sakonagoa" egingo dute urriaren 19an Irizar jauregian (17:00).