Batez ere estilo ezberdinetako kontzertuak eta aire libreko zinema dira nagusi egitarauan. Eta egia esan, abuztua hilabete aproposa da film polit bat, San Martin plazan, aire librean, ikusteko, gau giro bikaina lagun duzularik gainera.
Sing street, Campeones eta Lego 2 filmak eskaini dituzte dagoeneko, eta azkena, Megalodón filma izango da, asteartean, abuztuak 27, 22:00etan.
Egitarauarekin jarraituz, aste honetan esaterako, Tor eta Txoborro magoen emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute bergarrarrek. Asteazkenean 20:00etan Espoloian izan zen hitzordua eta asko izan ziren bertaratu ziren herritarrak. Tor eta Txoborro magoek elkarlanean sortutako magia saio berritzaile bat eskaini zuten, antzerkia eta magia baliatuz. Eta gutxi izan ziren bi mago hauen unibertso magikoan harrapatuta gelditu ez ziren herritarrak.
Etxeko txikienak txunditurik gelditu ziren bi magoen abileziarekin, baina ez ziren bakarrak izan, helduek ere adi jarraitu baitzituzten Txor eta Txoborroren trukoak. Eta ausartenak parte hatzera ere animatu ziren.
Estilo guztietako kontzertuak
Udalak antolatu dituen kultur ekitaldien barruan, Aire ahizpak taldearen eta La Joderera taldearen kontzertua izan ziren pasa den astean. Behe Nafarroatik etorritako ahizpek euskal folk abestiak eskaini zituzten eta La Joderera taldeak, berriz, kubatar doinu dantzagarriak eskaini zituen.
Azkenik, abuztuko egitarauarekin amaitzeko, datorren asteazkenean, hilak 28, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artolak kontzertua eskainiko dute 20:00etan Fraiskozuri plazan.